Pasa den ostiralean, ekainak 13, Berbalaguneko azken jaia burutu genuen, Balmasedan. Herritik eta tabernaz taberna ibili ginen, poteo musikatua eginez; zenbait jolas eta erronkari ekin genien, tarte dibertigarria igaroz; eta, amaitzeko, bertso-afari zoragarria izan genuen, Maite Sarasola eta Ander Ucelay bertsolariek dinamizatuta. Arratsaldean eta gauean zehar, 40 bat pertsona bertaratu egin ziren, eta aukera paregabea izan genuen elkar-ezagutzeko, euskara praktikatzeko eta euskal kulturaz gozatzeko.
Eskerrak eman nahi dizkiegu etorri ziren Berbalagun eta Enkarterriko euskaltzale guztioi, antolatzen lagundu ziguten elkarte eta pertsona guztioi (batez ere, Balmasedako Errota Zahar Gunekoei eta Zallako Anitz Bertso Eskolakoei) eta, nola ez, gurekin egon ziren bertsolariei, Maite eta Anderri, ekimenean parte hartzeagatik, erakutsitako prestutasunagatik eta jarrera paregabegatik.
Jai horrekin ikasturteari amaiera eman genion. Udaren ostean Berbalagun egitasmoa berriz martxan jarriko dugu. Bitartean, euskaraz egiten jarraitu eta Enkarterrin euskararen erabilera susta ezazue. EUSKARA ZUEK ZARETE!

