Menu Close

Elorrioko udaleko komunikazio zerbitzuan, Berbalagun protagonista

Elorrion euskara praktikatzeko hainbat aukera eskaintzen ditu Berbalagun egitasmoak

 

Euskara
2025/01/22

Urtea euskara gehiago praktikatzeko gogoarekin hasi duzuenok, hainbat aukera dituzue euskara praktikatzeko, taldean eta gustuko duzuen jarduera egiten duzuen bitartean. Taldeak taberna batean gera daitezke, edo, paseotxo bat eman, joskintza praktikatu, gurasoen artean partekatu edo mendira irteerak egin asteburuetan.

Durangaldeko Berbalagun ekimenak mintzapraktika saioak antolatzen ditu astero, beti ere bakoitzak duen denbora librea eta zaletasunak kontuan hartuta. Elorrion urteak pasatu dira bertoko herritarrak izena ematera animatu zirenetik, eta gaur egun hainbat dira indarrean mantentzen diren dinamikak. Auten, 2025ean, jende gehiagorengana iristeko asmoz, Berbalaguneko koordinatzaileak jarduera edo ekimen berriak eskaintzera datoz “ziur baikaude asko direla urte berriarekin euskara gehiago praktikatzeko nahia dutenak”.

Badago talde egonkor bat giro patxadatxuan, dinamizatzaile baten laguntzarekin taberna batean biltzen dena ostiral arratsaldetan. Beste jarduera erakargarri bat jostun taldearena da, hasieran talde bakarra izan zena gaur egun talde bi dira, kide kopurua hazi egin delako. Hitzorduak astelehenetan eta astearteetan dira, 18:00etan, Iturri Kultur Etxean.

Aurten eskaintza handitu gura da, beste hiru ekimen berri gehituta, beti ere kide berriak erakartzeko zain. Horietako batek Paseolagun du izena, eta ostegun arratsaldetan AEKn geratu eta ordubete inguruko paseoa egitean datza euskaraz mintzatuz. Gurasolagun izenaz ezagutzen den beste jarduera bat ikastetxeetatik dator, haurrek parkean ondo pasatzen duten bitartean, inguruan dauden gurasoek euskaraz praktikatzea edo komunikatzea da asmoa.

Azkenik, Durangaldeko mendi inguruetan hilero gutxienez txango bat antolatzen duen Mendilagun programa dago, Elorrion Erdella elkartearekin batera kudeatzen dituzte ibilaldiak. Epe laburrera bi irteera antolatu dira, beheko karteletan aurkituko duzu horren informazio guztia.

Hitanoa indarberritzen

Bestetik, durangaldean badago hitanoa praktikatzeko talde bat. Durangoko taberna batean elkartzen dira hilaren bigarren ostegunetan, 18:00ak aldera. Aurtengo beste helburu bat hitanoz berba egiteko talde gehiago sortzea da, eta kide berriak erakartzeko aproposa izan daiteke Poltsikorako hitanoa liburuxka. Joan den abenduan atera zuten bigarren edizioa eta Udalean zein AEKn eskura daitezke aleak. Online bertsioa azpiko esteka sakatuz kontsulta daiteke.

Talderen batean parte hartzeko interesik izanez gero, bidali whatsapp-a telefono honetara: 639 40 07 86.