Menu Close

Ibrahima Balderen eta beste hamaika migranteren istorioa

Aurkezpen eder batekin hasi zen atzoko solasaldia: Miren Amurizak Amets Arzallusek egiten, esaten, pentsatzen eta sentitzen duena deskribatu zizkigun, eta bertsolari, kazetari eta idazlearen Miñan liburuari buruz aritu zen Arzallus jarraian.

Irungo Harrera Sarearen berri eman zigun lehenengo. Lau urte baino gehiago darama, boluntario talde honek, zirkulazio askatasunaren eta eskubide-berdintasunaren alde lanean. Ibrahima Balde nola ezagutu zuen kontatu zigun, eta liburuaren sorkuntza prozesua nolakoa izan zen ezagutu genuen.

Galdera-erantzunetan luzatu zitzaigun iluntzea.

Gerturatzerik izan ez zenutenoi, liburua irakurtzeko gomendioa eta Irungo Harrera Sarearen jarduna ezagutzeko gonbidapena luzatzen dizuegu.

A! Eta jakin, hilabetero Irakurzale Kluba biltzen dela Berrizen. Gonbidatuta zaudete!

 

Plazer hutsa izan zen, eskerrik asko denoi!

Miñan:

Ibrahima kamioi batean zebilen aprendiz Ginean, egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea. Mediterraneoa zeharkatzen dutenak deshumanizatzea ezinbestekoa da haien heriotzen, kanporatzeen, ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da eta, beraz, unibertsala. Eta kontatzeak hori azpimarratzen du. Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da nobela hau, hark ahoz eta Amets Arzallus Antiak letraz idatzia.