Autobus bete berbalagun izan ginen joan den hilean Aginagako Urdaira sagardotegian. Sagardotegira bidean, Getarian, egin genuen “derrigorrezko” geldialdia. Bertan, giro onean, “nahitaezko” poteoari ekin genion, trikitixaren aireek alaituta. Getariako txakolina dastatu eta gero autobusean sartu eta sagardotegirantz abiatu ginen.
Sagardotegian aurtengo Gipuzkoako sagardoa edan ahal izan genuen, baita sagardotegikoa ohikoa den menua jan ere. Afaldu ondoren kupelik kupel eta dantzarik dantza ibili ginen sagardotegian zehar (beno, egia esanda, batzuk ondoren, bitartean eta orduko ibili ziren).
Bada, dena den, sagardotegitik bueltan, eusko labeldun gutiziak dastatzearekin ase ez edo konforme ez, eta lo egitera joan baino lehen, kebab izeneko janari turkiarrari “eraso” egin zionik. Ezta, Endika?