Menu Close

Habanako Gaukariak. Joseba Sarrionandiarekin elkartu gineneko kronika

Kronikagilea: Eduardo Martin Hurtado

Jendetsua, arrakastatsua, mamitsua………hitz gutxitan laburbildu ezinik geratzen da Barakaldoko Irakurzale Kluba ekimenaren barruan, pasa den asteartean, Joseba Sarrionandia idazle iurretarrarekin egin zen topaketa.

36 urteren buruan eta Martuteneko espetxetik Imanol abeslariaren bafleetan ezkutatuta ihes egin ondoren, iaz bueltatu zen Euskal Herrira Sarrionandia aspaldiko partez, eta ordutik ugaritu dira bere agerraldiak, bai hedabideetan bai tankera honetako elkarretaratzeetan. Horren froga da gure udalerriak aste honetan hartu duena.

Hori horrela, 30 bat irakurzale bildu ziren Clara Campoamor Zentro Zibikoko areto nagusian, idazlearen hausnarketak eta ekarpenak entzuteko eta harekin solasean aritzeko. Hasiera batean eta iragarrita zegoenez, topaketak Sarrionandiak azken urteetan idatzitako trilogia zuen xede, “Habanako gaukariak” izenburupean: “Bizitzea ez al da arriskutsua?”, “Airea ez da debalde” eta “Gauzak direna balira”, kronologikoki.

Hartara, eta Iñigok egindako aurkezpen bikainaren ostean, Sarrik hitzaldiari ekin zion aurki, irakurleen galderak abiapuntutzat hartuta; eta hainbat gai jorratu zituen Iurretako idazleak ordu eta erdi inguru iraun zuen elkarretaratzean, aipatutako hiru eleberrietan agerian geratzen direnak: Kapitalismoa, bankuen boterea eta euren esanetara dauden komunikabideak, demokrazia eta hitz horri lotuta dagoen sinbologia, lengoaia, kultura, esklabotza, herri zanpatzaile eta zanpatuak……

Sarrik patxada eta naturaltasun osoz aurre egin zien irakurzaleen galderei, batzuetan umoretsu; beste batzuetan gogoetatsu; baina bere hausnarketek itzala utzi zuten gurean, dudarik gabe. Azkenik, eta Zentro Zibikoko ixteko ordutegiak hala behartuta, amaitutzat eman zen bilera.

Plazer handia eta hurrengora arte, Joseba.