Ekainaren 16an ikasturteko azken hitzordua izan zuen Santurtziko Irakurzale Klubak. Oraingoan, ordea, ez ginen ohiko kideok bakarrik izan, 19 lagun elkartu baikinen Casa Torre Jauregian, tartean Itziar Egibar Aizu aldizkariko kidea solasaldia gidaritzen eta “Miñan” liburuaren egileetako bat, Amets Arzallus, “eskuz idatzi” zuena, hain zuzen ere.
Testuinguruan kokatu gintuen Ametsek, noiz eta nola ezagutu zuen Ibrahima Balde, liburua “ahoz idatzi” zuen gazte ginearra. Irun eta Hendaia artean ezarritako muga itxi zuen Estatu frantsesak Europarako bidea jarraitu nahi zuten etorkinentzat, eta gizartetik sortutako Irungo Harrera Sarean parte hartu zuen Arzallusek: han izan zuten elkarren berri, eta han hasi zen liburu hau emaitza izango zuen harremana.
Hainbat kontu azaldu zigun liburuaren “esku-idazlea”: Ibrahimaren kontaeretako ahozkotasun bizia, euskarazko hitzak aukeratzeko zailtasunak, liburu izatera heltzeko prozesua, Balderi kontatzeko eska zekiokeena eta konta zezakeena…
Bildutakoon txanda heldu zen eta, egia esan, lotsati samar hasi ginen galdezka, baina behin erritmoa hartuta nork bere jakinminak asetzeko tartea izan genuen, liburuaren inguruan, Balderen bizitzaz, Ametsen etorkizuneko literatura planez…
Hau guztia eta zerbait gehiago eman zuen ikasturte honetako azken hitzordu honek, eta merezitako atsedena baldin badator ere, hurrengo hitzordua agendan gorde dezakezu dagoeneko, urriaren 20an izango baitugu berriro solasaldirako tartea, 19:30ean AEK euskaltegian Uxue Alberdiren “Dendaostekoak” jorratzeko.