Irakurzale klubeko zortzi lagun elkartu ginen giro lasai eta konfiantzazkoan, Kattalin Minerren Turista klasea liburuaz jarduteko. Estreinakoz, dinamika berri bati ekin genion:
1. Biribilean jarrita bakoitzak liburua gustuko izan zuen aipatu zuen.
2. Gutako bakoitzak eleberriko pasarte bat azpimarratu, ozen irakurri eta zergatik hautatu zuen esan zuen.
3. Azkenik, partaide guztiok liburua hitz bakar banatan laburbiltzen saiatu ginen.
Prozedura horri esker, saio mamitsuago eta sakonago batez gozatu genuen, eta gainerakoen iritziak entzundakoan, Turista klasea are gehiago gustatu zaigula nabarmendu genuen.
Lehen dinamikaren harira, aho batez esan genuen liburua idazketa aldetik, ona, erraza eta arina dela, eta harridura kutsu batez onartu, hain liburu laburrean sakontasun handiko gaiak naturaltasun handiz jorratzen direla. Izan ere, Kattalin Miner idazleak hainbat gai (kartzela, generoa, LGTBI mugimendua, elkartasuna, depresioa, arrazakeria…) aletu ditu inolako zailtasunik gabe. Bertan gogoeta ezin mamitsuagoak aurki ditzakegu, eta askoren iritzian, Turista klasea kontzientzia hartzeko gonbidapen argia da.
Lanketako bigarren urratsari dagokionez, Begok 85. orrrialdeko (“trena gelditu aurretik…”) pasartea aukeratu zuen, Anna Karenina eleberria gogorarazi baitzion.
Juanmak, bestalde, 14. orrialdeko aipu bat azpimarratu zuen, Faisaien uharteari buruzkoa, hain zuzen ere. Igarotze sexualaren alegoria garbia begitandu zitzaion, liburuko protagonista une oro “igarotze” batean baitabil: kartzelarako bidaia, genero identitatea, sexualitate ez aitortu batetik sexualitate alternatibo aitortu baterako ibilbidea…
Elenak, bere aldetik, 11. eta 35. orriko pasarteak hautatu eta azaldu zizkigun, bertan, protagonistak espetxean dagoen laguna bisitatu aurretik, behin eta berriz egiaztatu behar duelako maletan dena behar bezala dagoen, halaber, zaurgarri sentitzen garenean babes premia zelan handitzen den aipatu genuen.
Edurnek, ordea, 76. orrialdeko (“ez zuten genero mugez asko hitz egin…”) paragrafoa azpimarratu zuen, genero identitate eta homofobiaren gaineko pasadizo interesgarri eta hunkigarria iruditu baitzitzaion. Ildo horretan, gai horrek liburua alderik alde zeharkatzen duela esan liteke. Aurrekoaren harira, Iñigok 80-81. orrialdeetako gertaera izan du aipagai, zeren eta, protagonista gizontzat hartzen baitute emakumezkoen komunean sartutakoan. Berez, aparteko arazorik ekarri behar ez zuen gertakari batek egoera bortitz eta bidegabea eragiten du, hainbaten aurreiritzi eta beldurren ondorioz.
Mabelek, aldiz, presoek espetxetik irtendakoan dituzten zalantzak, ezinegona eta segurtasun eza nabarmendu zituen 109. orrialdeko aipuaren bidez (“ez nagon epaiketarekin bakarrik itsututa..”). Kartzelari buruzko gaitik aldendu barik, Koldok 49. eta 87. orrialdeetako bi pasarte aukeratu zituen elkartasunaren garrantzia ederki islatuta ageri baita: elkartasun sareak sortu eta iraunarazteak dakarren kostu emozionala, presoarekiko hurbiltasun afektiboa, engaiamendua…
Anek, ostera, bi pasadizo kontrajarriren inguruan berba egin zigun. Izan ere, 68. eta 102. orrialdeetan espetxezainen gaineko aipamenak daude, itxuraz, kontraesanezkoak diruditenak, baina kontakizunari humanizazio eta erresistentziaren arteko nahasketa eransten diotenak.
Arestian azaldu bezala, depresioa ere zertzelada batez agertzen den gaia dugu, samurtasun handiz urratutakoa, gainera. Beste tabu bat hautsi du Kattalinek 59. orrialdean dagoen pasadizo samur eta ederraren bitartez, zeinean protagonistak ohetik jaiki ezinean dabilen adiskidea maitekiro eta begirunez tratatzen duen.
Azkenik, Alaznek, 95. orrialdeko pasadizo hau gaineratu nahi izan du: “Artikulua irakurriz, bere burua ikusi zuen haien bizitzetan klase eta arraza turismoa egiten…”. Hortik, ondorioztatzen bide da liburuari izenburua ematen dion hitz jokoa: Turista klasea.
Bukatzeko, literatura solasaldiko partaide guztiok liburuaren zentzua hitz banatan laburbildu nahian aritu ginen, eta honelako hausnarketak azalarazi ziren:
Zenbaitetan istorioa arrotza iruditu arren, ukaezina da gogoeta hunkigarriak utzi dizkigula. Batez ere, protagonistaren barne bidaiak bere igarotze prozesuan murgildu baikaitu, bere burua damurik gabe onartzen zuen bitartean. Liburua, ezbairik gabe, mamitsua da oso bere txikian, eta guztiz zirraragarria begitandu zaigu ertzetako gizakiek (trans, ijito, arabiar, euskaldun eta presoak) nolako elkartasuna erakutsi dioten elkarri.
Zentzu horretan, adiskidetasunari buruzko eleberri baten aurrean gaudela esan daiteke, hainbat bidegurutze eta kointzidentziaren eraginez, sistemak zapaldutakoek elkar babestu eta maitatzen baitute, egindakoaz damutu barik, Edith Piafek bere kantan adierazten duen gisan.