EUSKARA ZU ZARA

EUSKARA ZU ZARA

Dagoeneko abian da AEKren Praktikatu zerbitzuaren kanpaina, euskara ZU zara lelopean. Ikasturte honetan, euskaldunon komunitatea osatzeko norbanakoen garrantzia azpimarratu nahi dugu, eta bereziki, mintzapraktika programetako partehartzaileek jokatzen duten papera: egunero hizkuntzan trebatu, praktikatu eta bizi garen guztiok euskaldunon komunitatea osatzen dugu, eta horren alde era aktiboan posizionatzen garenean euskara gara denok.

Mintzapraktika programetan ez dago ez zahar, ez berri; ez hango, ez hemengo... Programen bidez hiztun guztiek gustura eta lasai egiten dute euskaraz, euskaldunon komunitatea indartu eta zabaltzeko. Ideia horixe islatu nahi izan dugu, hain zuzen ere, bideo honetan.

Datozen egunetan hasiko dira elkartzen berbalagun, mintzakide eta mintzalagunak; ikasturte honetan, 103 herritan: Agoitzetik Muskizera edo Tuteratik Zarautzera. Aurten, bestalde, egitasmo berriak abiatuko dira: mintzalaguna Lezon, berbalagun Artziniegan eta, lehen aldiz, gurasolagun programa Hernanin. Iparraldean, AEKk mintzalagun-taldeak abiatuko ditu Lapurdiko bortz herritan: Itsasun, Baionan, Kanbon, Uztaritzen eta Hendaian.

Beti bezala, AEKren Praktikatu zerbitzuan jarraitu egingo dugu euskarazko aisialdia sustatzen ekintza osagarrien bidez. Joan den ikasturtean, esaterako, 500 aktibitate baino gehiago antolatu genituen: besteak beste, tailerrak, irteerak, mintzodromoak, asteburuko egonaldiak, udako ibiltaria, Zilegi Asteak...

Horretaz gain, hitanoa lantzeko Hiketalagun proiektuak aurrera jarraituko dik/din, elkarri hika hitz egiteko talde berriekin. Familientzako gurasolagun taldeetan ere segituko dute jolas, txango eta tailerrak egiten, helduek eta haurrek aukera izan dezaten euskaraz elkarrekin aritzeko. Azkenik, azaroan online-taldeak ere abiatuko dira.

Parte-hartzea doakoa da, eta kide guztiek deskontu zein sari politak eskura ditzakete.

Izena emateko: emanizena.praktikatu.eus