Menu Close

[ERREPORTAJEA] Mintzalagun egitasmoa. Euskaraz berriketan aritzeko eremu segurua

Zestoan, AEK-k euskaltegiko eskolez gain, Mintzalagun egitasmoa dauka. Programa horri esker, hizketan hobeto aritzea nahi dutenak eta haiei lagunduko dietenak elkartzen dira. Laguntzaileak boluntarioak dira eta euskara ikasten ari direnek doan dute zerbitzua. Ez dago zertan euskaltegian ikasle izan Mintzalagun-en parte hartzeko. Helburua da euskaraz mingaina askatzeko gune lasai bat edukitzea. Erreportaje honetan, egitasmoan mintzalagun diren hainbat herritarrekin egon gara. Zestoarrok tabernan edo paseatzen ikusiko dituzue, hitz eta pitz, euskara praktikatzen.

 

Tina Elovikova eta Erkuden Larrañaga

Erkuden eta Tina Mintzalagunen hasiberriak dira, joan den udazkenean hasi ziren. Hirugarren bat ere badute taldean, Agurtzane Martin, nahiz eta hizketaldi honetan egoterik ez duen izan. Tinak hirugarren ikasturtea hasi du Zestoako euskaltegian, eta irakasleak gomendatu zion mintzapraktika egitea, ikasgelan ez dutelako nahikoa denbora hizketarako. Bere ustez, euskaltegiaren gehigarri bat da Mintzalagun, egitasmo polita, eta hainbat gairi buruz hizketan aritzeko toki aproposa. Errusiatik etorrita, zazpi urte daramatza Zestoan, eta konturatu da hemengo jendearentzat hizkuntza babestea oso garrantzitsua dela: “Niretzat ere, hizkuntza eta kultura oso garrantzitsuak dira, beraz, hemengo hizkuntza jakitea ere bai, pixka bat egitea behintzat, kosta egiten zait-eta!”.

Laguntzaile du Erkuden. Bere kabuz eman zuen izena egitasmoan. Euskalduna den neurrian, euskaraz mintzatu nahi duten herritarrei lagundu nahi die. Erkudenek badaki nola hitz egitea komeni den ikasten ari den pertsona batekin: “Saiatzen naiz egokitzen, ez dut hitz egiten zestoar bat banintz bezala, baizik eta polikiago, euskara batuan, momentu honetan hori behar dute. Entzun egiten diet, ez naiz zuzentzailea. Bere buruengan konfiantza hartzen joan daitezen saiatzen naiz”. Leku seguruan sentitzea da helburua, gerora kalean has daitezen.

Tinak, orokorrean, gaztelaniaz egiten die zestoarrei, baina batzuek euskaraz egiten diote, eta ulertzeko nahiko lan izaten du batzuetan. Bi pasadizo kontatu dizkigu. Behin baserritarrek antolatutako ogasunari buruzko ikastaro batera joan zen Azpeitira, eta ez daki azpeitiarrez egin zuen edo zer, baina ez zuen ezer ulertu. Eskerrak grabagailua jarri zuen, etxera joandakoan senarrari eman zion grabazioa hark entzun zezan. Beste batzuetan, herritarrei ez die ulertzen, eta esaten dienean ez duela ulertu, gauza bera ozenago esateko joera omen daukagu. Dena den, berak nahiago du herritarrek euskara batuan baino, bertako hizkeran egitea, baserritarra izanda, giro horretan ibiltzen delako eta hizkera hori ulertzea komeni zaiolako: “Denek euskaraz hitz egiten dute, gaztelaniaz ez dute gaizki hitz egiten, baina ez da beraien hizkuntza. Eskualdeko nekazariei ulertu ahal izatea nahi dut”.

Erkudenek herritar euskaldunei mezu bat helarazi nahi die: “Gure herrian jendeak euskaraz hitz egitea nahi baldin badugu, guk ere zerbait egin beharko dugu”. Ikasita inor ez dela jaio dio, eta ahalegin txiki bat egitea dagokigula, euskara batuan hitz eginda, entzuteko pazientzia hartuta, presarik gabe, barre egin gabe…

Tinak eskerrak eman nahi dizkie Mintzalagunen bidelagun aritzen diren guztiei, haien denbora euskara ikasi nahi dutenen zerbitzura jartzen dutelako. Zestoako Udalari ere egin dio keinu, euskara ikasteko baliabideak eskura jartzen dituelako, eta hala, doan ikasi daiteke euskaltegian. Hala dio Tinak: “Ez dago aitzakiarik ez ikasteko, gogoa da behar den gauza bakarra!”.

Jabier Manteca eta Jexux Odriozola

Jabier eta Jexuxekin Laiak dendan elkartu gara. Makina bat aldiz egin zuten hitzordua denda-tabernan, mintzapraktika egiteko. Gaur egun ez dira hor gelditzen, berriketa euskaraz Oñatira bidean egiten dute, autoz bandako entsegura doazela. Beraz, dendako leiho ondoan, Mintzalaguni buruzko gogoetak egiten hasi gara.

Nerea Odriozolak, euskaltegiko irakasle eta Jexuxen alabak, esan zion aitari Jabierrentzat mintzalagun egokia izan zitekeela. Jabierrek bazuen ahozkoa lantzeko beharra. C1 maila ia gainditu zuen duela urte batzuk, euskaltegian hainbat urte egin eta gero, baina ahozko azterketa ez zuen gainditu. “Gramatika ondo, baina ahozkoan gabeziak dauzkat”.

Erreportajea idatzi duenak duela hainbat urte ezagutu zuen Jabier herriko natur taldean, eta ordurako oso txukun moldatzen zen euskaraz. Gaur egun, Jexuxen laguntzari esker, are hobeto hitz egiten du. Jexuxekin ondo moldatzen da zeren, “Jexuxek batuan hitz egiten du, hizkera laua dauka, ulertzeko modukoa. Ez dut esan nahi jendeak gaizki egiten duenik, baina herrian zuen berezitasunak dituzue, eta euskaldun berri batentzat ulertzeko hizkera aldrebesa da”. Kalean baino, bestelako gune batzuetan erosoago sentitu izan da, ulermenari dagokionez. Duela hainbat urte herrian lanean aritu zen natur taldea aipatu du, batetik: “Gaia ezagutzen duzu, badakizu zein izango diren nondik norakoak, jarraipena egitea errazagoa da, baina lagun artean denetarik hitz egiten duzu, hiru minutuan bost gai ateratzen dira”. Natur taldean bezala, zinegotzi izan denean ere, udal batzarretan ondo moldatu dela aitortu digu. Alkateak euskaraz aritzera animatu zuen eta halaxe egin ditu lau urteak, euskaraz.

Oso bitxia da Jexuxek Jabierren euskara mailari buruz kontatu diguna: “Batzuetan jasoegi hitz egiten du, herriko batez bestekoa baino goraxeago dagoela esatera ausartzen naiz. Hizkera arrunta falta zaio, batzuetan jendek ez dio ulertzen zer esaten duen. Maila badauka, baina kaleko hizkera eta bizkortasuna falta zaizkio. Hori, erabilita lortzen da, entrenatuta”. Jabierrek baieztatu du Jexuxek esandakoa: “Batzuetan esaten didate ez didatela ulertu. Nola zuk ez nauzula ulertu? Ulertzen ez duena ni naiz!”. Hiztegi aberatsa dauka Jabierrek. Gogoratu da ‘apetatsu’ hitza esan zuela behin, eta ez ziotela ulertu Zestoan: “Nik ez dakit beste era batera esaten, eta herrian, agian, gaztelaniaz esaten dute”.

Jexuxek herritar guztiak animatu nahi ditu Jabierri euskaraz egin diezaioten, kontu pixka batekin ibilita, lasai eta garbi hitz eginda. Izan ere, Jabierrek herritar gehienekin gaztelaniaz egiten du, eta herritarrek ere gaztelaniaz egiten diote.

Galdetu diogu ea nahi duen jendeak berari euskaraz egitea, eta erantzun digu bera ez dela inor herritarrei esateko zer egin behar duten. Dena den, erreportajea idatzi duen honekin beti euskaraz hitz egiten du, eta ulertu diogu esperientzia ona izan dela: “Zuk beti euskaraz egiten didazu, bada, horrek bultzatzen nau euskaraz egitera. Euskarari eusten saiatzen naiz, eta ezin badut, gaztelaniara pasatzen naiz. Zuk ulertzen duzu nire mugara iritsi naizela tarte horretan, eta ez dago arazorik. Beti egin dugu euskaraz”.

Isabel Ruiz, Asier Soria eta Ignacio Fouilloux

Isabel, Asier, eta Ignacio hasiberriak dira, Mintzalagunen pare bat saio baino ez zituzten eginak elkarrizketatzera joan garenean. Ostiraletan elkartzen dira, tabernan. Asteko lanak bukatuta, lasai eta giro goxoan aritzeko proposatu zuen egun hori Asierrek. Ignaciok eta Asierrek ahozkoa lantzeko beharra daukate. Isabelek berak Mintzalagunera jo zuen duela hiru urte euskara praktikatzeko. Orain, bera da laguntzaile. Oso garbi dauka zertarako balio duen Mintzalagunek: “Asko lagundu dit hitz egiteko, hanka sartzeko beldurrik gabe, lotsa galtzeko. Asko lagundu dit ulertzen ari nintzela sentitzeko, hitz egiten ari nintzela, euskaraz bizitzen ari nintzela. Orain seguru sentitzen naiz besteei laguntzeko”.

Asierren ustez, jendearekin modu informalean hitz egiteko aukera ederra da Mintzalagun. Ez du euskara egiaztagiririk behar, ez du ahaztu nahi ikasia zuen euskara eta hobetzeko asmotan gerturatu da Mintzalagunera. Bere iritziz, euskara praktikatzeko modu oso egokia da, askea, eta presiorik eragiten ez duena. Portugaletetarrari herriko jendea ezagutzeko balioko diola iruditzen zaio.

Mintzalagunen zergatik dagoen galdetu diogunean, Ignaciok Zestoan euskara ikasteak duen garrantziaz hitz egin digu. Ezinbestekotzat jo du. Duela hiru urte hasi zen euskara ikasten, Txiletik hona bizitzera etorritakoan: “Hiztegi asko daukat buruan gordeta, baina mihia askatzea behar dut”. Giro erosoa, segurua eta konfiantzazkoa eraikitzea espero dute hirurek. Ignaciok dio Mintzalagun proba pilotua dela, gero herrira jauzi egiteko, kalean zestoarrekin hitz egiteko. Isabelek ‘saltoa’ hitza erabili du, eta beste biek segituan ulertu dute esanahia. Izan ere, kalean euskara ulertzea eta euskaraz egitea Mintzalagunen baino gehiago kostatzen zaie. Biei kosta egiten zaie zestoarrei ulertzea, “euskalkiak zailak dira” dio Ignaciok, eta Asierrek berriz, “gipuzkera oso itxia da eta azkar hitz egiten duzue”. Saiatzen dira, batzuetan, euskaraz egiten kalean, baina nekeza egiten zaie, eta nahiko erraz hasten dira gaztelaniaz hizketan.

Hirurak dira kanpotik etorritakoak, eta ados daude herritarrek eskertzen dietela euskara ikasten egiten duten ahalegina, “jende oso jatorra eta irekia da”, dio Ignaciok. Dena den, Isabelek eskertuko luke herritarrek ere txipa aldatzea, alegia, konturatzea euskara ikasten ari den jendea dela, pazientzia behar dela, eta poliki hitz egitea komeni dela. Berak dio ohikoa dela herritarrak segituan gaztelaniara pasatzea, konturatzen direnean aurrekoak ez diola ulertu: “Ikasten ari denaren ahaleginak eta herritarren laguntzak batera joan behar dute”.

Asier eta Ignaciok Mintzalagun pixka bat dastatzeko denbora baino ez dute izan, baina Isabelek ondo daki nolakoa den esperientzia. Euskara hobetzeko beharra duten herritarrak animatu nahi ditu parte hartzera: “Asko ikasten da hitz egiten, entzuten, jendea ezagutzen dugu. Hemen bizi nahi baldin badugu, bertako hizkuntza eta kultura ezagutzea oso garrantzitsua da, bestela gure munduan gelditzen gara eta oso gauza politak galtzen ditugu”. Hiruren artean borobildu dute Mintzalagun egitasmoa: dibertigarria, xinplea eta atsegina.

Isabel Ruiz, Naroa Vazquez eta Garbiñe Aramendi

Isabel, Naroa eta Garbiñeren abentura bitxia da. Mintzalagunen ohikoa da ikasten ari denak eta laguntzen dionak egunerokoan harreman gutxi izatea, sarritan egitasmoan ezagutzen dute elkar. Hirukotea, ordea, kuadrilla berekoa da. Naroak dena gaztelaniaz egiten zuen Isabelekin, eta Garbiñek bietara. Isabeli Mintzalagun proposatu zioten euskaltegian eta berak erabaki zuen mintzakideak kuadrillako Naroa eta Garbiñe izango zirela. Araua ezarri zuten hiruren artean: astean behin elkartuko ziren euskaraz egiteko. Halaxe hasi ziren, eta azkenean, araua ohitura bihurtu da. Hasieran, Mintzalagun ostiraletan bazen, orduan baino ez zuten euskaraz egiten, baina denbora pasa ahala, gainerako egunetan ere euskaraz egiten hasi ziren. Garbiñeri ez zitzaion oso zaila egin, lehen ere bietara egiten ziolako, eta bera euskaraz gaztelaniaz baino hobeto moldatzen delako. Naroak, berriz, aitortzen du, Mintzalagunik izan ez bazen, oso zaila egingo zitzaiola Isabelekin hizkuntza aldatzea. Mintzalagunek lortu du kuadrillako hiru kideen hizkuntza ohiturak aldatzea, eta Naroak gehitu du lorpena Isabelena dela: “Berak ez bazuen helburutzat hartu euskara ikastea, Isabel dagoenean erdaraz egiten duen kuadrilla bat izango ginatekeen. Berea da meritua”.

Bai Naroak eta bai Garbiñek beste hainbat mintzalagunek moduan deskribatu dute egitasmoa: ikasten ari denarentzat segurtasun eremua; lasai egotekoa, inork barre egingo dion beldurrik gabe, konfiantzazko giroan, eta ondo pasatzeko txokoa. Naroaren ustez, horrelako espazio batean ikasten ari dena gehiago ausartzen da, eta besteei entzunez belarria ere egiten du.

Herritarrak egitasmoan parte hartzera animatzeko eskatu diegu. Garbiñek dio euskal hiztunen komunitateak jendeari harrera ona egin behar diola, hizkuntza erakutsi behar diola etorri direnei: “Askotan ez dakite ezta hizkuntza bat dagoenik ere. Erakutsi behar diegu nola bizi garen euskaraz , elkar ezagutu behar dugu, eta elkarri bizipenak kontatu”.

Mintzalagunen parte hartzeko deitu telefono honetara: 670 420 048

Onintza Irureta Azkune

Osorik irakurri hemen