Menu Close

Maruri-Jataben: Emakumeen aurkako errepresioa

Joan den ostiralean, maiatzak 20,  Maruri-Jatabeko Berbalagun taldeak  “Emakumeen errepresioa frankismoan. Saturraranen adibidea” hitzaldia antolatu zuen. Interesgarria baino interesgarriagoa izan zen ezagutzea emakumeek jasan izan duten errepresioa, gertuko historian zehar. Gainezka egon zen herriko Kultur Etxea eta han bildu ginen guztiok irrikitan jarraitu genituen Ander Leonek, irakasleak, historialariak, ikerlariak… emandako azalpenak. Izan ere, bertan aurkeztutako gaia urteetako ikerketa baten emaitza da, non  diziplina anitzeko talde batek parte hartu duen, esaterako, auzitegiko mediku batek, zuzenbide penalean adituek , psikologoek… parte hartu dute, horien guztien aurpegi publikoa Ander Leon da.

Bi zati izan zituen hitzaldiak. Lehenengoan, eta emakumeek jasan zuten errepresioa kokatzeko, Leonek Gerra zibilaz eta hurrengo urteez hitz egin zuen. Emakumearekiko urte gogorrak, urte beltzak… izan ere, emakume asko atxilotu zituzten “garbiketa politikoa” egiteko.

Esan zuenez, «Askotan, senide izatea edo errepublikano bati otordu bat prestatzea nahikoa izaten zen matxinadari laguntza ematea egotzita preso hartzeko». Hori bai, «Nahiz eta Ministerioak emandako datu ofizialek Espainia osoan izan ziren presoen berri eman», Leonek adierazi zuen «ziurrenik gehiago izango direla, kalkuluak ez baitzituzten zehatz-mehatz egiten, baizik eta kartzela batzuetako datuak estrapolatzen zituzten».

Bigarrenean Saturrarango espetxearen kasu zehatza azaldu zuen, Mutriku eta Ondarroa artekoa: «Luxuzko hotel eta mintegi izatetik Espainia osoko preso izatera pasatu zen». Garai hartako datuez gain, presoak nola bizi ziren azaltzeko argazkiak erakutsi zituen.

Benetan urte beltzak, urte gogorrak … Gu han izan ginen entzuteko prest eta testigantza hartzeko, horrelakorik berriro gerta ez dadin.

       Bizi euskaraz!!! 

       Euskaraz seguru!!!!

       Euskara beti bihotzean eta ezpainetan!!!!!