Hainbat hitzordu dauzkagu Santurtziko berbalagunok hurrengo egunotan. Kantulagunekin lehenengoa, hilero bezala Santurtziko parkean 12:30ean azken igandean, hilaren 23an, alegia.
Hurrengo astean, ordea, zuzenago parte hartzeko aukera izango dugu, hilaren 26an (asteazkena) perkusio tailerra izango baitugu Augusto “Katxarrismos”ekin La Kelo gaztetxean, Berbalagunek antolatua, goizeko 11:30etik aurrera. Animatuz gero, asteartea baino lehen eman izena ohiko bideen bitartez (e-posta zein telefonoa)!
Azkenik, otsailaren 27an (osteguna), antzerkiarekin izango dugu hitzordua, Artedrama taldearen Zaldi Urdina antzezlana izango baitugu Serantes Kultur Aretoan 20:30ean. Ohi bezala, berbalagunek zein euskaltegietako ikasleek sarrerak 5 euroan eskuratzeko aukera izango dute, baina adi, horretarako azken eguna astelehena izango baita!!!
Euskal Herrian nahikoa da “Zaldi zuria” esatea burura etortzeko heroina eta 1980ko hamarkada. Eta behin buruko errota martxan ipinita, segituan etorriko zaizkigu burura beste hainbat auzi ere: gazteria eta rock musika, askori; hiesa eta heriotza, ez gutxiri; gatazka politikoa eta botereen esku beltza, beste hainbati. Auzia da droga kalean dela, hemen eta orain, bere ertz eta erabilera guztiekin. Eta, tartean, heroina itzuli dela. Hortik izenburu metaforikoa: ZALDI URDINA.
SINOPSIA
Aingeru, 17 urteko mutil gaztea, desagertu egin da, tekno jaialdi batean gazte bat bihotzekoak jota hil ondoren. Zaldi Urdina deitzen den droga berri batek eragin dio heriotza gazteari. Polizia Aingeruren bila dabil, trapitxeroa bera delakoan.
Amets, Aingeruren 22 urteko arreba errebeldea da, gaztetxe eta bizimodu osasuntsu zalea. Ikerketa bat hasiko du, Karmen amona eta Simon udaltzain traketsarekin batera.
Aingeru poliziek baino lehenago aurkitu behar dute, eta abokatu on batekin joan epaitegira. Astebeteren barruan, 18 urte bete baino lehen. Atzera kontaketa bat da.
Ikerketa amateurraren bidean gurutzatuko dituzte gazteriaren ondoezak eta ametsak, trafikanteen eta interes ekonomikoen boterea, indar polizialen konplizitatea eta politika baten aztarna.