Menu Close

“Rosa itzuli da”-kronika

20 urteren ostean, Pako Aristi bueltan dugu eleberrigile gisa. Berak bezala, 2 hamarkada luze (25 urte) eman ditu Rosa Ugartemendia Sarobek, liburuaren protagonistak, espetxean eta herrira bueltatu da.
Parot doktrina baliogabetu ostean, bat-batean ikusten du bere burua kalean, ez, hala ere, libre: jarraika norbait doakion paranoia, kartzelara bueltatzeko beldurra… Gainera, ateratakoan, topatzea espero zuenak eta ikusten duenak ez daukate antz handirik: uste baino gehiago aldatu da mundua. Alde batetik, kide politiko zituenen diskurtsoak urrunak egiten zaizkio eta inplikazio politiko eskasekoa deritzo jendarteari; bestetik, alzheimerrak jota topatu du ama. Gaitzaren berri izan arren, zuzenean bizitzeak Maritxu amaren ondoan ez emandako denboraren zama pausatu dio sorbalden gainean. Dena den, gaixotasunak Saroberen alabari Maritxuren iragana eta erreprimitu behar izan dituenak ezagutzeko aukera eman dio.
Klubekooi asko gustatu zaigu Aristiren lana. Rosa benetakoa ez izateak balio erantsia ematen dio, asko dira-eta, hamarkadetako kartzela zigorrak bete ondoren, kalera atera direnak (eta irtengo direnak). Liburuaren protagonista bezala, askatuak galduta sentitzen dira hainbeste aldatu den munduan, hortaz, Ugartemendia pertsonaia unibertsala izan daiteke.
Berrian argitaratutako elkarrizketan, egileak adierazi du, Euskal Herriko historiaren kontaketan, bizikidetzaren izenean hainbat ahots isildu nahi direla, eta, liburuan, horiei eman diela protagonismoa. Halaber, bere hitzetan, gure herrian eta munduan, bortxaren erabilerari dagokionez, boteretsuena “neurrikoa eta beharrezkoa” omen da; altxatuena, aldiz, terrorismoa.
Aipatzekoa da jarrera politikoak, pertsonaiak eta alzheimerra oso modu landuan adierazi eta harilkatu dituelaidazleak. Txalogarria da hain gai mamitsuak lantzeko estiloa batere astuna ez izatea: nahiko elkarrizketa daude, kapituluak laburrak dira, hariari jarraitzea erraza da eta ez da ale potoloa.
Beraz, irakurle, irakurtzea merezi duen liburu bila bazabiltza, hori duzu.