Pasa den asteazkenean elkartu zen Santurtziko Irakurzale Kluba Idoia Garzesen “Mendiko gaitza” liburuaz jarduteko, eta hauxe dioskute liburuaren inguruan:
“Idoia Garzesen “Mendiko gaitza” eleberri beltza izan genuen mintzagai. Arlet du protagonista, izena bezain izaera berezikoa. Bitxia ere bada nobela poliziakoaren paisaia menditsua izatea, hiri gris eta iluna beharrean. Oso agerikoa da egilea mendizalea dela, eta, pertsonaia nagusia zer esanik ez. Narrazioak duen beste indargunea sexua da, erotismo handiz azaltzen baitira. Hortaz, paperezko koktelak mendia, sexua eta hilketa ditu osagai nagusi. Jakin mina pizteko moduko ezaugarriak baditu, bederen”.
Hurrengo hitzordua ekainaren 16an izango dute 19:30ean Casa Torre jauregian, eta oraingoan Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen “Miñan” izango dute mintzagai. Gainera, ikasturteko azken hitzordu honetarako Amets Arzallus egilea izango dugu gurekin. Ohiko moduan, ezinbestekoa da izena ematea, anima zaitezte!!!