Menu Close

Euskaraz mintzatzeko lagun bila?

Bueltan da Mintzalagun egitasmoa. Azarotik aurrera, hirukoteka elkartuko dira mintzalagun eta mintzakideak, elkar-elikatzeko.

Euskara talde txikian praktikatzeko Mintzalagun egitasmoa berrartuko du Pasaiako Udalak 2022-2023 ikasturtean, azarotik ekainera bitarte, zehatzago.

Euskararen erabilera sustatzea da iniziatibaren xede nagusia; izan ere, 2021eko kale erabileraren neurketen arabera, Pasaiako bizilagunen %19ak soilik egiten du euskaraz, nahiz eta hitz egiten dakitenen zenbatekoa %43koa den, eta beste %20 batek jakin ez, baina euskara ulertzen duen.

Erabilera tasa hori handitzen laguntzeko doako zerbitzua eskainiko zaie euren euskara ahalmena hobetu nahi dutenei. Astero hiruko taldeetan egingo dute bat euskara praktikatzeko, haietako batek gidari papera izango duelarik. Patxi Azparren dinamikaren arduradunak zehatzago azaldu ditu nondik-norakoak beheko bideoan.