Menu Close

Abiatu dugu aurtengo kanpaina!

Ikasturte berriarekin batera, martxan da berriro Pasaiako Mintzalagun egitasmoa. Aurten, gainera, ekimena herritar guztiengana gerturatzeko kanpaina berezia egingo du Pasaiako Udalak: herriko etxebizitza guztietara eskuorri bana eramango du, pasaitarrek etxean bertan Mintzalagun programaren eta euskaraz praktikatzeko dauden aukeren berri izan dezaten.

Egitasmoaren aurkezpenean parte hartu dute Laura Ré Pasaiako Udaleko Euskarako zinegotziak; Diana de Castro Txirrita AEK-ko zuzendariak; Kontsuelo Gorostidi Pasaiako Udal Euskaltegiko zuzendariak; eta Julen Rodriguez Mintzalaguneko koordinatzaileak.

Hainbat urteko etenaldiaren ostean, badira bost urte Pasaiako Mintzalaguna egitasmoa berriro martxan dela. Urteotan, herriko lau barrutietan talde txikiak osatu dira, eta astero elkartu dira euskara praktikatzeko, harremanak egiteko eta euskaraz bizitzeko espazio informalak sortzeko. Paseoan, kafe baten bueltan edo beste edozein planetan, hainbat adin eta errealitateko pasaitarrak elkartzen dira haiek adosturiko egunetan.

Gainera, Mintzalaguna ez da asteko hitzordura mugatzen. Urtean zehar dozenatik gora jarduera antolatzen dira: tailerrak, kontzertuak, mendi-irteerak, itsas txangoak eta bestelako proposamenak. Helburua argia da: euskara praktikatzeko aukerak sortzea eta hizkuntza eguneroko bizitzara eramatea.

Aurten, “Eraman euskara praktikara” lelopean, Udalak urrats bat gehiago eman nahi izan du egitasmoaren sozializazioan. Horregatik, herriko etxebizitza guztietara iritsiko da informazioa, eta eskuorriak euskaraz praktikatzeko aukerak ezagutzeko eta parte hartzeko oinarrizko informazioa jasoko du.

“Euskara ikastea garrantzitsua da, baina ikasitakoa erabiltzeko espazioak ere behar ditugu. Mintzalagunek horixe eskaintzen digu: euskaraz aritzeko aukera, modu errazean, gertuko ingurune batean eta gure bizilagunekin”, azaldu du Laura Ré Euskarako zinegotziak.

Mintzalaguna aukera aproposa da euskaraz hitz egiteko ohitura galdu duenak berriro praktikatzeko, euskara ikasten ari denak ikasitakoa erabiltzeko edo euskaraz ondo moldatzen denak beste pertsona batzuei laguntzeko. Ez dago adin-mugarik, ezta maila edo baldintza berezirik ere: euskaraz praktikatzeko gogoa izatea da behar dena.

Ekimena doakoa da eta urte osoan zehar eman ahal izango da izena telefonoz edo emailez: 688 64 71 59 eta pasaia_mintza@aek.eus.