Eguna: Martxoaren 28a
Lekua: Olaso Jauregia (Trapagaran)
Ordua: 19:30ean
Eneko Aizpuruak (Lazkao, 1976) argitaratutako lehen eleberriak Roman Polanskiren film ezagunari egiten dio keinu liburuaren atarian, esaldi hau txertatuz: Forget it, Jake. It´s Chinatown. Erreferentziak, omenaldi fedean jarria izan arren, konparazioaren argia pizten du nobelaren irakurketa amaitzean, bere kaltean. Lanak osagai franko badu, baina ez daude elkar eragiteko behar bezala nahasiak. Lehenengo pertsonan aurkezten zaigu Mikel Egileor kazetaria, erregulazio espediente bat dela-eta sei hilabeterako egunkaritik kanpo geratu dena. Egun berean tramari hasiera ematen dion gertaera jazo da: Lazkao herriko jaietan erailketa bat jendearen begi bistan.
Kasua argitzeko lanean jarriko duen dei bat jaso du protagonistak. Hortik aurrera, ikerlearenak behar lukete izan Mikel Egileorrenak, baina alderrai dabilen tipo bat aurkezten zaigu, dena eskura iristen zaiona: kontratazioa, informazioa, aztarnak. Tamalez, ez da sinesgarriegi eta protagonistak idazleak nahi zuena lortu duela pentsa daiteke; eleberriak aurrera jarrai zezan behar zena, alegia. Liburuko onena elkarrizketak dira, korapilorik gabe tramari aurrera egiten uzten diotenak. Ataskatuta geratzeko arriskurik ez da. Arintasunak bere alde du hori.
Esan dugu gaiak txertatu txertatzen dituela eta ez gutxi. Nerabe atzerritarrekiko eta etorkinekiko herritarren pertzepzioa da nagusiena. Aurreiritziz eta arrazakeriaz kutsatutako jendartea erakusten du egileak, errugabetasun presuntzioarekin ahaztuta, hedabideek erabili hizkerak xaxatuak. Erantzunik gabeko arazo errenkada atera genezake matazatik: paperik gabeko adingabe etorkinekin zer egin, hezkuntza proiektuak gauzatzearen zailtasunak konprenitu, baliabide eskasien arazoa errekonozitu. Bestalde, Marokoko zerbitzu sekretuak, infiltratuak, proiektu ilegalak eta naturaren aurkako erasoak, euskal enpresarien ustelkeria eta erakunde publikoen funtzionamendu eskasa, besteren artean, ez dira falta. Esan bezala, osagaiak ez dira eskasak. Gaiek badute interesa. Pena da, hortaz, soka mutur solteak bezala hedatzen direla ikustea, beti elkartuko diren esperoan eta inoiz erabat harilkatu gabe. Bestalde, protagonista dezente estereotipoz osatu da eta ondorioetara sinesmenen bitartez iristen da, ikerkuntzak ekarritako aztarnen bidez bainoago.