Patricia Fernandez, Ortuellako AEKko ikaslea eta Berbalaguna
Patriciak 31 urte ditu. Ortuellako neska hau bizitza osoa akordeoiarekin gora eta behera ibili da; izan ere, goi-mailako titulua atera zuen akordeoi espezialitatean. Eta, bere ikasketek saria ekarri zioten 2002an Munduko Txapelketa irabazi baitzuen. Egun, Ortuellan dabil umeentzako musika tailerrak egiten; eta, nola ez, munduan zehar kontzertuak ematen Duo Reflectionsekin.
Zergatik hasi zinen euskara ikasten?
Alde batetik behar dudalako. Irakaslea izan nahi dut eta Euskal Herrian lan egin nahi dut. Horretarako, Hizkuntza Eskakizuna izatea beharrezkoa da. Baina bestetik, nahi dudalako. EHn bizi gara, hemen hizkuntza bat dago eta hitz egin behar dugu.
Nola? Nork gomendatua? Metodoa, jarrera…
Nik ere zer edo zer egin nuen institutuan. Oso gutxi, ordu batzuk astean eta teoria lantzeko batez ere. Gramatika eta ariketak, baina oinarrizkoa baino ez. Eta, gainera hitz egin barik.
Iaz, Bilboko Musika Eskolan ordezkapenak egiten hasi nintzen eta orduan konturatu nintzen oso tristea zela nire lankide eta ikasleekin euskaraz ez hitz egitea. Ez nintzen gai. 2-3 izan ezik, gainontzeko kideak euskaldunak ziren eta nigatik gaztelaniaz egiten zuten. Txarto sentitzen nintzen. Horrela ezin genuen jarraitu; eta, gainera, irakaslea izan nahi banuen euskara ikasi behar nuen. Txepetx liburu dendara joan nintzen eta Alfredok esan zidan bazegoela metodo bat, Bakarka, nahiko erabilgarria zena. Izan ere, nik ez neukan denborarik euskaltegira joateko, ikastaro bat egiteko… Iazko martxoan 2. liburua erosi nuen baina ekainean, Bilbon amaitu arte, ez nintzen hasi. 4. liburuxkan gelditu nintzen euskaltegian hasteko.
Zergatik eman zenuen izena euskaltegian?
4. eta 5. liburuetan jada zailtasun batzuk topatu nituen. Zalantzak izateaz gain, buruan (eta denbora gutxian) informazio gehiegi nuela uste dut. Nik bakarrik lan handia egin nuen; baina, ezin nuen gehiago! Hizkuntzak ikasteko erraztasuna daukat, frantsesa eta ingelesa badakit; baina, irakasle baten laguntza behar nuen. Eta, batez ere, talde baten funtzionamendua. Gramatika aldetik nahiko seguru sentitzen nintzen baina hitz egiterakoan… Kar-kar. Guztioi gertatzen zaiguna, ezta?
Animatu zinen Berbalagunen parte hartzen…
Bai, noski! Hemen euskaltegian ariketak egiten ditugu, asko ikasten dugu, hitz egin ere bai… baina hori guztia, benetan, Berbalagunen jartzen dugu praktikan. Erabilera ohitura hartzen dugu. Kalean euskaraz egin dezakegu! Jürgen Wolfek esan zuen bezala ” ez da bakarrik territorio comancheko gauza” (hau da, euskaltegikoa). Euskaraz bizi nahi dut edo gutxienez, saiatu. Eta Berbalagunek ere laguntzen du…
Zer ekarri dizu BLk?
Ausardia. Oso talde jatorrean nago eta nahiz eta hanka sartu… ba aurrera! Eta, hori nabaritu dut pila bat. Zeri bruz hitz egitea ez da arazoa, oso berbatia naiz, baina aizu! Euskaraz egin behar da! Eta kalean! Hasieran lotsatuak geunden, gure maila zela eta ez zela… baina gero konfiantza hartzen hasi ginen. Gainera, jende berria ezagutzen ari naiz egiten diren poteo edo hitzalditxoei esker. Herriko edota eskualdeko euskaldunak. Hori oso garrantzitsua da. Eta, pozgarria eta motibagarria!
Zure esperientzia eredugarria da. Zer esango zenieke euskara ikasten dabiltzanei motibatzeko?
Gogoa eta motibazio handia behar dela. Eta batez ere, konstantzia. Klasean ikasten da baina egunero 5 minututxo atera behar dira egindakoa errepasatzeko. Azkenean, bakoitzaren lana ere beharrezkoa da.
Beharrak eta nahiak motibazioa ere sortzen dute. Lanerako beharrezkoa da, bai; baina baita gizarte batean integratzeko ere, ezta? Adibidez, sagardotegi batera joan (a la Gipuzkoa profunda, kar-kar) eta denak euskaraz. Zuk ere ondo pasatu nahi duzula konturatzen zara… Uste dut gauza asko galtzen direla euskara ez jakitean, hizkuntzaren atzean kultura bat dago. Nik ez dut lehenago ikasi ez dudalako denbora izan. Akordeoiak ere konstantzia eskatzen zuen, ikasketak, entsaioak, bidaiak… eta hori azken finean, nire egungo lana da. Gainera, denbora librea ere beharrezkoa da, e! Orain nire karrera musikala kokatua dagoela animatu naiz eta oso oso gustura nago.
Eskerrik asko Patricia! Zure tantari esker ere itsasoa osatzen ari gara…