Menu Close

Tantaka: apirileko tanta

Gaurkoan, Imanol eta Ruthekin egon gara. Eurek Muskizko Ortze euskal taberna eramaten dute. Euskaldun hauek, gonbitea egiten digute berbalagunoi bertara hurbiltzen eta taberna ezagutzen, oso gustura egoten baita bertan. Beraiekin egon gara berbetan eta galdera hauei erantzun digute:

Nondik atera zen Ortze bezalako taberna bat sortzeko ideia? Zergatik horrelako taberna bat Muskizen?
Imanol- Ideia berez udaletxetik etorri zen, konkretuki Euskara Batzordetik. Euskara elkarteak eskatu omen zuen.
Horren beharra zegoen Muskizen?
Ruth- Horren beharra Muskizen badago duela denbora nahiko. Ideia, duela urte batzuk sortu zen. Ni euskaltegian nengoenean, ideia bazegoen airean. Duela 5 edo 4 urte.
Uste duzue jendeak Ortze ezagutzen duela?
Imanol- Muskizko jendeak bai. Baina eskualdeko jendeak oraindino ez du ezagutzen.
Hona bakarrik jende euskalduna etortzen da?
Imanol- Ez, denetatik etortzen da.
Eta etortzen diren euskaldunak asko dira?
Ruth- Ez, gehiengoa erdalduna da. Oso euskaldun gutxi etortzen dira. Ez dakigu zergatik, agian ezagutzen ez dutelako eta hona etortzeko ohiturarik ez dutelako. Baina etortzen diren euskaldunak dira euskaltegikoak, anbulatorioan lan egiten duen baten bat eta Kultur Etxeko langileak. Beno, berez euskaldunak etortzen dira, baina askotan ez dute euskaraz egiten.
Ikusi duzuen hemen igual koadrila bat euskalduna eta erdaraz egiten duena?
Ruth- Bai, bat baino gehiago. Eta gurekin euskaraz hitz egiten dute nahi baino gutxiago. Normalean ez dira euskaraz zuzentzen. Beno, eguna eta pertsonaren araberakoa da hori.
Zer egiten duzue hemen tabernan?
Imanol- Ba hemen urtebetetzeak ospatzen ditugu edota taldeentzako aldez aurretik zehaztutako afariak. Nahi dutenek, esaten digute egun bat eta zenbat pertsona izango diren, eta ikusiko dugu ea hemen edo Gaztegunean gelaren bat eskatuko dugun edo. Baina bai, afariak prestatzen ditugu. Horrez gain, momentu honetan badaukagu argazki lehiaketa bat. Jendea etortzen denean hemen kafea hartzea edo, kontuaren atzealdean hemen jarrita dauzkagun argazkietatik gustukoen duena jartzen du, bere izena eta telefonoarekin eta hainbat sari zozketatzen ditugu. Paretan ere badaukagu lekutxo bat, astean behin esaera zahar bat jartzeko eta jendeak ezagutzeko.
Beno zuek euskaldunak zarete. Nola izan da zuen ikasketa-prozesua?
Ruth- Nik ikastolan ikasi nuen euskaraz eta gero AEK euskaltegian egon nintzen urte batez. Horrekin batera ere, Ostaben parte hartu nuen, orain martxan jartzen ari zareten berbalagunen aurrekari horretan.
Imanol- Ni hasi nintzen AEK euskaltegian, eta noizbait jarraituko dut AEKn. Kar-kar Askotan egon naiz euskaltegian eta beti 4. urratsean. Ikasle guadianoa naiz kar-kar Barnetegi batzuetan ere egon naiz: Lizartzan, Zerainen eta Bakaikun.
Zelan izan zen barnetegien esperientzia hori, ona?
Imanol- Bai, oso ona. Oso gustura egon nintzan eta gauza asko ikasi nuen, beti ere 4. Urratsean kar-kar.
Baina zuk euskaltegia beti egin duzu utzi,hasi, utzi hasi… bai ezta? Zergatik hori, motibazio falta edo?
Imanol- Bai, beti ibili naiz horrela. Baina ez zen motibazio falta izan. Nire kasuan, batez ere, lana izan zen, autobusak gidatzen nituen eta ez neukan denborarik.
Zuek zelan ikusten duzue Berbalagun Muskizen? Funtzionatuko duela uste duzue?
Imanol- Beharra badago, funtzionatzea edo ez jendearen eskuetan dago.
Ruth- Beharrezkoa bada, baina funtzionatzea… Hemen Muskizen, ez gara oso parte hartzaileak izaten, baina espero dugu Berbalagunena ondo ateratzea eta jendea animatzea eta gustura egotea.
Imanol- Ostabe oso ondo egon zen, behintzat hasieran, jende asko animatu zen.
Zein izan zen horren akatsa, berriro ere ez errepikatzeko?
Imanol- Jendea hasieran, aurkezpenera eta ekintza askotara joaten zen, askotan 60 pertsona eta biltzen ziren baina azkenean ibili behar zinen jendearen atzean eta… Baina gauza nahiko zeuden egiteko, batzuk agian ez oso erakargarriak, baina bazeuden. Espero dugu Berbalagun ondo funtzionatzea eta denbora ematea hemen Muskizen.
Eskerrak ematen dizkiegu Ruth eta Imanoli.
Eta zuri, Berbalagun, esatea ere Muskizko Ortze tabernan trago bat hartzera eta taberna ezagutzera animatzen zaitugula, oso giro ona baitago. Bertan ezagutuko dituzu euskaldun bikote hau, gustura hartuko zaituztenak bertan.