Ni Isaak naiz eta Zierbenan bizi naiz. Duela 5 urte hasi nintzen euskara ikasten Meatzaldeko Aekn eta 5 urte eman ditut horretan, baina momentu honetan ez nago ikasten, niretzako ordutegi aproposa ez dagoelako. Baina beno, Berbalagunen jarraitzen dut, praktikatu ahal izateko.
Nolakoa da zure ingurua? Hau da, Berbalagunez aparte, euskaltegian ezagututako jendeaz gain, zure inguruko pertsonak (familia, lagunak…) euskaldunak dira? Inguru euskaldunean bizi zara?
Ez, ez. Nire alaba bai, euskaraz hitz egiten du, baina gainontzeko senideek ez dute euskaraz hitz egiten. Eta nire inguruan, orokorrean Zierbanan, Meatzaldean… jendeak ez du hitz egiten euskaraz. Baina askotan Mungia aldetik lan egiten dut eta handik jendeak euskaraz hitz egiten du, baina bizkaieraz, eta ulertzeko… ba kostatzen zait! Baina beno, ni ulertzen saiatzen naiz, baina hala ere, kostatzen zait, ze azkar eta bere erara hitz egiten dute (kar,kar) eta… zaila da.
Bai, askotan gertatzen da hori, euskaraz jakinda ere, ulertzea zaila izaten dela. Baina beno, horretaz aparte, zergatik erabaki zenuen zuk euskara ikastea? Izan ere, zure ingurua, esan duzun bezala, ez da euskalduna.
Zergatik? Bada, gustatzen zaidalako. Normalean, nire lanean ez da beharrezkoa euskaraz hitz egitea, baina niri gustatzen zait, beti gustatu izan zait. Txikitan ezin izan nuen, ez zen posible izan, baina duela 5 urte hasi nintzen eta hemen nago.
Dena den, nik badauzkat aspaldiko lagunak, euskaraz hitz egiten dutenak, baina bat edo bi pertsona dira, eta hori oso gutxi da. Beraz, bai nire inguruan, normalean, jendeak ez du euskaraz hitz egiten eta ezagutzen dudan jendea euskaraz dakiena, beti jotzen du gaztelerara.
Zerk motibatzen zaitu Berbalagunen antolatzen ditugun ekintzetan parte hartzeko? Ze zu berbatalde batean zaude, baina gainera ekintza askotara zoaz, eta berbalagun askok ez dute parte hartzen. Zer da motibatzen zaituen hori?
Ba gustura nagoela eta euskaraz hitz egin dezakedala. Baina batez ere, hori, gustura nagoelako. Hombre, jendea oso jatorra da eta giroa ona da. Beraz, jendea jatorra da, giroa ona be eta gainera euskaraz hitz egin dezaket… Zer gehiago eskatu behar dut?
Hori da, zer gehiago eska dezakegu?(kar,kar) Beraz, ekintzetan parte hartzen duzu eta berbatalde batean ere. Zer ekarpen ematen dizu Berbalagunek eta berbataldeak bera?
Euskaraz hitz egitea. Normalea, euskaraz hitz egitea kostatzen zait eta gainera ez daukat trebetasun handia. Iaz hasi nintzen eta nabaritu nuen lotsa desagertzen ari zela, solteago aritzen nintzela.
Beraz, ikusten duzu aurrerapenak egon direla, ezta?
Bai, bai. Nire ustez, euskaraz malgutasunarekin hitz egiteko berbataldea oso garrantzitsua da.
Eta berbatalde batean parte hartzen ez duen pertsonari edo ekintzetan parte hartzen ez duen horri, zer esango zenioke parte hartzeko, motibatzeko ?
Ez dela nahikoa euskara ikastea. Mintzatzea garrantzitsua dela, behintzat nire ustez. Adibidez, jendeak ingelesez ikasten du bi edo hiru urtetan eta ondo, baina gero Britaina Handira joaten dira eta esaten dute hilabete bakar batean askoz gehiago ikasi dutela, prozesua azkarrago doala. Nire iritziz, garrantzitsuena hitz egitea da. Ze azkenean, denbora guztian ikasten eta ikasten, nire buruan hitz asko daude eta horiek ateratzeko hitz egin behar dut eta hori egiteko onena jendearekin praktikatzea da. Horretarako berbatalde batean egon, pote bat hartu eta lasai lasai, apurka-apurka…
Orduan, jendea animatuko zenuke parte hartzeko, beharrezkoa delako.
Ziur, jakina, prefosta (kar, kar, kar)
Ba hori izan da dena. Eskerrik asko berriz ere.