Ikasturte amaieran oso zaila egiten da euskara klaseetako ohiko lan dinamika errespetatzea. Urte osoko jardunaren amaiera begi bistan dago, eta azken asteetan, ezin zaie askorik eskatu eguna joan eta eguna etorri txintxo-txintxo ibili diren ikasleei. Lan egiteko gogorik gabe daude, eta hala eta ere, klasera huts egin barik etortzen direnez, zer edo zer egin behar. Ikasleetako batzuk, egunez egun hartu duten euskara maila polita dela eta, berbalagun proiektuan sartzeko prest daude; animatzea falta zaie bakarrik. Azken bultzadatxoaren zain daude, eta gure zereginetako bat (irakasle eta berbalaguneko koordinatzaile legez) horiei guztiei euskaraz berba egiteko erraztasunak eskaintzea denez, klasetik atera eta irteeratxoa egin dugu Ondarruko Radixu Irratia irrati librera. Asmoa argia izan da: euskaraz berba egiteko gai direla erakustea. Mintzapraktika egitea!
Betiko ariketak albo batera laga, eta kazetaritza munduan murgildu gara. Zentzu horretan, azken klaseetan, irratsaiotxo bat prestatu dugu klasekideen artean: batzuk elkarrizketak prestatu dituzte, besteek, deskripenak, eta bateren batek, aurkezpena. Irakaslea bera ere, ez da libratu.
Klaseko ikasle batzuk berbalagunak dira, eta hori dela eta, irratian ateratako argazki batzuk gure blogera igotzea pentsatu dugu. Lehenengo argazkian, Manuel eta Kirenia daude lasai-lasai batak besteari egindako elkarrizketa amaitu eta gero. Bigarren argazkian, berriz, irratiko nahasketa mahaia agertzen da lehen planoan, eta erdi difuminaturik, ikasle bi (Blanca eta Arantza).
Lehenengo argazkiko emakumea ez da berbalaguna, ezta bigarren argakiko emakume biak ere. Bai, ostera, Manuel. Hiru urte daramatza gurekin, eta pixkanaka-pixkanaka euskal hiztun bihurtzen ari da. Gainontzeko hirurak datorren ikasturtean batuko omen dira gure berbalagun komunitatera. Hitza hartu diegu!