Menu Close

Hizkuntzak zubi direnean

Wolof ikastaroa martxan dago. Honen berri emateko, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzak artikulua argitaratu zuen, jarraian agertzen dena, ondo baino hobeto azaltzen baitu nola doan ikastaroa eta zeintzuk diren partaideen iritziak.
” Geure artekoak dira. Berton bizi dira, berton egiten dute beharra. Noraino ezagutzen ditugu, baina, Lea-Artibai zein Mutrikura azken urteotan etorri diren afrikarrak, latinoamerikarrak, Ekialdeko Europako herritarrak? Egunerokotasunean elkarrekin bizi garen arren, kultura eta hizkuntza desberdinak edukitzeak sarritan amildegia zulatzen du biztanle berri eta zaharren artean. Hizkuntzak, ostera, pertsonen arteko zubiak eraikitzako jaio ziren. Horrela ulertu dute Berbalaguna egitasmoan zein wolof ikastaroan eragile, ikasle edo irakasle diren pertsonek.
Zapatu goizero hitzordua daukate Ondarroako AEK euskaltegian Senegaleko hizkuntza nagusia -wolof- ikasten dihardutenek. Ismail Fall dute irakasle. “Luxua da horrelako irakaslea edukitzea, formazio handikoa, eta erakusten atsegina”, diote ikasleek. Orain arte bost lagun- guztiak emakumeak- batzen idira wolofaren doinuak deszifratzeko saioetan. Eta esateko daukate ateak zabalik daudela izena emateko; “esperientzia guztiz aberasgarria da, asko daukagulako gure herrikide afrikarrei erakusteko, eta baita haiengandik ikasteko ere”.
Wolof ikastaroaren ideia Berbalaguna egitasmoan ibili izan direnengandik jaio zen. Tartekoa da Nahia Guenaga: “12 bat lagun batu izan gara zapatu eguerdietan euskara ikasi nahi duten etorkinekin egoteko; han bururatu zitzaigun bertokoentzako ere interesgarria izango litzatekeela Senegaleko hizkuntzaren bidez haien kultura hobeto ezagutzea”. Data gaitzetan hasi ziren wolof ikastaroagaz, uztailean, eta udan ez da erraza izan talde zabala eratzea. Badute itxaropena ikasturte berriaren hasieragaz jende gehiago animatzeko.
Senegalera joateko, norbera aberasteko, ikastearren…

Senegalera doa Mariama Torienzo mutrikuarra abenduan. Motibazio praktikoa eduki du, beraz, ikastaroan izena emateko. “Bertara joanda Bertako hizkuntza nahi dut erabili, behintzat oinarrizko elkarrizketetan”.
Berbalagun egitasmoan dabilen lagun batek esanda animatu zen Aitziber Goienetxea lekeitiarra. “Bera wolofean profesionala da!” esan dio Ismail Fall irakasleak, irribarrez. Bakarra da klaseaz aparte aukera daukan senegaldarrekin hizkuntza praktikatzeko aste barruan.
Mari Kruz Lekunberri ondarrutarrak ere Berbalagun egitasmoan parte hartuta egin du woloferako bidea. “Nik pentsatzen dut hurreratze bat egon behar dela, baina zentzu bietan; uste dut hau ez dela izan behar integrazio hutsa- eurak geurera sartu-, elkar aberaste bat baino”.
Lekunberrik beste hausnarketa interesgarri bat ere gehitu du, holako ekimen baten balioa azpimarratzeko: “Inmigranteen egoera soziala, hain larri dena, guk ezin dugu konpondu; baina sikieran harreman pertsonalen bitartez adierazi ahal diegu eurei geuretarrak somatzen ditugula, eta berdinak garela, nahiz itxurak ezberdinak izan”.
“Herriko bizitzan parte hartu nahi dugu, eta horretarako euskara- gutxi edo asko- ikasi egin behar dugu. Era berean, gure kultura ere bertokoek ezagutzea nahi genuke; hizkuntzak dira horretarako zubi”, azaldu du Ismail Fallek.
Aditzen iraganaldiak lantzen jarraitu dute, irakasleak arbelean idatzitako apunteak jasotzen. Etorkizuna elkarren arteko ulermen eta errespetuaren letra handiekin marraztu nahi lukete.”
Maribi Ugarteburu- Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza