Menu Close

Irteeraren ordez, afaria elkartean

Azken blog-ean notizi txarrak baino ez genituen kontatu, eta hala edo nola, sentsazio edo egoera hori gainditu beharrean geunden. Lehen ere albiste txar ugariren berri izaten dugu egunero, eta gu ere hala hastea…

Ez bazarete gogoratzen; Berbalagun, Aek-ko ikasle, irakasle zein hainbat herritarren artean antolatutako irteera (Arabar Errioxara) bertan behera geratu zitzaigun, eta Ondarruko berbalagun gehientsuenok elkarrekin egun pasa joateko aukera enteratu barik galdu genuen.

Hori dela eta, afari alternatiboa egitea pentsatu genuen Berbakide baten elkartean (Pikupe Zaharra, Mutriku). Data (maiatzak 14, ostirala) eta ordua (22:00etan) ipini, eta guztiok bihurtu ginen sukaldari. Bakoitzak bere ekarpen txikitxoa egin zuen, eta tokian tokiko janariak eraman genituen afarira. Esate baterako, Manu eta Jose Berbalagunek olagarroa prestatu zuten. Biak dira galegoak, eta zer hobeto galego batek prestatutako olagarroa baino? Gainera, itsaskiari laguntzeko Ribeiro botilatxo batzuk ere ekarri zituzten.

18 lagun elkartu ginen Berbalagunen mahai inguruan, eta euskara ikasten dabiltzanekin batera, guzti-guztien bikotekideek ere afarian hartu zuten parte.

Ederto-ederto pasatu genuen; argazkia ez al da nabaritzen?