Joan den ostiralean, Urtxintxa Eskolak egin zigun bisita. Urtero ematen digute ikastaro bat eskatzeko aukera, eta, beti bezala, primeran pasatu dugu Urreta Ikastetxean antolatu dugun zirku tailerrean. Bi saio eskaini genituen, eta, ohiko familiez gain, beste bederatzi animatu ziren; guztira, 36 lagun.
Gauza asko ikasi genituen zirkuari buruz, baina Estitxuk esan zigun asko entseatu behar dela trukoak ondo ateratzeko eta hasi aurretik ondo berotu behar dela beti. Beraz, borobilean jarri eta lanean jarri gintuen binaka, umeak gurasoekin. JAP, JEP, JIP, JOP eta JUP oihukatzen zigun, eta horren arabera, alde batera edo bestera korrika egin behar genuen, bikotekidea gainean eraman edo bere hanken azpitik narras pasatu.
Beroketa amaitu eta txokoetan sakabanatuta izan genituen diaboloak, uztaiak, trikimakoak, mazak…Txikiak berehala moldatu ziren gune bakoitzean eskatzen zitzaienari, eta gurasoak ere pozik, haurtzarora bueltatu baitziren. Denbora hegan joan zitzaigun, bigarren txandakoak zain egonda, 10 minutu baino ez genuelako eman leku bakoitzean.
Ederra izan zen txikien eta gurasoen arteko elkarlana ikustea joko guztietan, baina, batez ere, akrobazietan. Izan ere, kontzentrazio handia behar izan zuten gurasoek umeen gorputzari airean eusteko. Tentsio une horren amaierako argazkia ezin politagoa izan zen.
Monozikloa izan zen gutxien erabilitako gailua, nagusien laguntza izan arren, ume asko ez zirelako pedaletara heltzen. Hala ere, txiki batzuk animatu egin ziren eta baita hain txikia ez zen baten bat ere. Eskerrak makulu onak zituztela alboetan!
Dudarik ez genuen, baina argi geratu zen beren txikian artista handiak ditugula etxean. Txalo bero bat parte hartu zenuten guztioi!! Eta, nola ez, eskerri asko Estitxuri beti bezain hurbila izateagatik eta Urreta Ikastetxeari hain areto zabala erabiltzeko aukera eman izanagatik!
Gora zirkua!!!