Menu Close

IPUIN KONTALARIA KAREAGA AUZOKO SORGINETXEN

Aurten ere Errege bezpera eguna baliatu dugu, hau da, urtarrilaren 5a,  familiei begirako ekintza bat antolatzeko. Bi urtez jarraian Ibon Magoa etorri izan da San Migel auzora, eta aurten, aldatzearren, Mirian Mendoza ipuin kontalaria etorri zaigu. Hitzordua 12:00etan zen, Kareagako auzo elkartearen lokalean, Sorginetxen, hain zuzen ere. Nahiz eta egun horretan herrian hainbat ekintza antolatu zituen udalak, 10 familia inguru hurbildu zen gurera, euskara hutsean egindako ekintzaz gozatzera.

Printzipioz, ordubeteko saioa izango zena ia ordu eta erdira luzatu zen, Mirianek ipuinak kontatzeko dituen dohainek umeak liluratuta utzi baitzituzten. Egia esan, umeak ez ezik, helduak ere gustura baino gusturago egon ginen ipuin dibertigarri eta originalak entzuten: euskara argia, tonu aldaketa asko arreta bereganatzeko, tramankulu eta jostailu askotarikoak…errepikatzeko moduko tailerra dudarik gabe!

Bukatzeko, eskerrak Miriani, hain saio entretenigarria sortzeagatik, eta nola ez, Kareagako auzo elkarteari, euren lokala musu-truk uzteagatik!