Pasa den azaroaren 9an eman genion hasiera ofiziala Basaurin 2023-24 ikasturteari, eta horretarako Aurkezpen Jaia egin genuen Basauriko Zutarri tabernan. Hitzordua 18:30etan genuen, eta Berbalagunak eta ikasleak kontuan hartuta, 40-50 bat lagun elkartu ginen ondo pasatzeko gogoz.
Bertaratu zirenek jatekoa eta edatekoa izan zuten debalde (lehen tragoa), baita une barregarriak gozatzeko jolasak ere. Lehenik eta behin, elkar ezagutzeko jolasa egin genuen: argazki bana banatu genien partaideei, eta euren talde topatu behar zuten galderak eginez: garraiobideak, kirola, tenislariak, mendia…izan ziren talde horietako batzuk. Elkartu ostean, galdetegi bat eman genien elkar ezagutzeko, eta 10-15 minutuz aritu ziren berbetan.
Ondoren, jolasen txanda iritsi zen: hasteko, hainbat hieroglifiko izan zituzten ikusgai proiektoreari esker, eta bakoitza asmatzeko 20 segundoko tartea eman genien. orotara 14 izan ziren. Bukatu eta gero, imintzioka aritzeko unea iritsi zen, arrastiko momenturik barregarriena dudarik gabe! Lotsa barik aritu ziren gure Berbalagun eta ikasleak, eta taldeka, minutu bat zuten 5 berba imintzioka adierazteko; mundiala!
Bukatzeko, “euskal tribialean” jolastu ginen: 10 galdera izan ziren taldekideek erantzun beharrekoak: kultura orokorra, geografia…
Bada, gordeta geneukan ordu eta erdia ziztu batean igaro zitzaigun, eta sariak banatzeko unea iritsi zen. Egindako jolas guztien emaitzen kopurua batuta, “Koala” taldea izan zen puntu gehien lortu zuena! Zorionak, artista hutsak izan ziren eta!
Azkenik, eskerrak eman Zutarri Kultur elkarteari espazioa lagatzeagatik eta eman zizkiguten erraztasun guztiak emateagatik, baita bertaratu ziren Berbalagun eta ikasleei ere! Hurrengo ekintzan ikusiko dugu elkar…adi gure blog eta sare sozialei!
PRAKTIKATU EUSKARAZ GUREKIN, ERRAZA DA!