Menu Close

HEGO URIBEKO MENDILAGUNAK BAKIO INGURUAN

Ikasturte honetako lehen irteera izan zen aurreko igandean egin genuena, eta eguraldi kaxkarra zela eta, zortzi ausart besterik ez ginen animatu Bakio eta Matxitxako lurmuturraren arteko ibilbidea egitera. Hala ere, igande goiz aparta pasatu genuen!

Goizeko 8:30ean genuen hitzordua Basauriko udaletxe aurreko markesinan. Handik bi kotxetan joan ginen Bakiora, eta bertan kafetxoa hartu eta gero ibilbideari ekin genion. Ikus dezakezuen lehen argazkia Bakiotik Eneperi jatetxera dagoen begiratoki  batean ateratakoa da.

Argazki honetan ikusten denez, euria izan genuen tarteka, baina Berbalagunek adoretsu jarraitu zuten aurrera; euritakoa lagun, zira lagun…irribarrea ahoan. Euskal Herriak halako egunak gehiago ditu eguzkitsuak baino, eta xarma berezia eman zion txangoari. Gainera, badakizue: gogoko tokian aldaparik ez!

Tipi-tapa tipi-tapa Gaztelugatxe ondotik pasatu ginen, eta 2 orduren buruan Matxitxakoko itsasargian geunden. Bertan banana, sagarra eta mandarinak jan, eta itzulerako bideari ekin genion, eguerdian etxean bazkaltzeko egon nahi genuen eta.

( Gaztelugatxe urrunean)
Bukatzeko, Bakion bertan zurito eta pintxoa hartu ondoren, eguerdiko 15etarako Basaurin ginen berriro, hurrengo irteera egiteko ideiak buruan genituela. Goiz polita igaro genuen eta dagoeneko errepikatzeko gogoz gaude. Eta zu? Animatuko zara hurrengoan? Adi egon gure blog eta facebook-ean ezagutaraziko baitugu datorren irteeraren data eta lekua!!
PRAKTIKATU ETA BIZI!!