Ostiralean elkartu ginen Usansoloko Gurasolagunak eta larunbatean izan zen Galdakaokoen txanda, zenbait berbalagun eta AEK-ko ikasleekin batera. Elkartzeko aitzakia, euskal nortasuna aldarrikatzeko Galdakaon urtero ospatzen eta antolatzen dugun Mozoilo eguna. Eta jakina, Euskaraldia eta Korrikan bezala, euskararen aldeko mezua zabaldu behar den guztietan geu ere hor egongo gara!
Egitaraua oso zabala izan zen, eta adina ez zen oztopoa izan ondo pasatzeko, jolasak, triki-poteoa, berbena eta bestelako ekintzak egon zirelako antolatuta. Baina umeak izan ziren,zalantzarik gabe, gehien gozatu zutenak. Izan ere, 35 graduko bero itogarriari aurre egiteko ez dago iturria, ur-pistola batzuk eta puxikak baino konbinazio hoberik
Bazkaria goxo-goxoa eta bazkalosteko berbena ere kategorikoa. Zer gehiago eskatu behar genion egunari? Datorren urteko hitzordua jarrita dago, baina bien bitartean, umeentzako tailerrak antolatzen jarraituko dugu, noski. Hurrengoa ostiral honetan bertan, hilak 7, 17:30ean, AEK euskaltegian. Atsegin baduzu, bertan ikusiko dugu elkar 😉