Menu Close

BENITO LERTXUNDI: “OROIMENAREN ORAINA”

Gaur Benito Lertxundiren kontzertua izango da Sozial Antzokian arratsaldeko 20:30ean. Aspaldi bukatu ziren sarrerak; beraz polito egongo da.
Harrigarria izaten da askotan, patuak duen indarra! Batzuetan, apartekoak diruditen bi historia, bi pertsona, gurutzatzen dira, zergatia zehazki jakin gabe, ezkutuan idatziriko historia batean loturik baleude bezala, bien artean, horrela, historia berri bat osatzen dutelarik. Oraingo historia honek bi protagonista ditu: Mireia Berenguer eta Benito Lertxundi. Mireia katalana da, Ripollet herrian jaioa, 29 urte ditu eta duela 9 bat Euskal Herriaz maitemindu eta han dena utzirik, honuntza abiatu zen. Hemen topatu zituen lehen erreferentzietakoak, nola ez, Mikel Laboa eta Benito Lertxundi izan ziren. Ez zihoan, bada, desbideratuta. Bere kezka, bere ardura, bere dedikazioa, bere bizitza azken batean, arazoak dituzten gazteen artean dago eta, hori dela eta, Hondarribiko Goikoerrota deritzan Errota zaharreko egoitzan arreta berezia behar duten gazteentzat batipat, natureskolaren proiektoaren garapenean buru-belarri dabil. Duela aste batzuk, eguzkia sortu aurretik, bapateko intuizio batek gidatu zuen Jaizubiako marismetako bidea hartzera eta hantxe, goizaldean, lehen printzeekin batera, laino artean topatu zuen enkoadreak harrapaturik, argazki bat atera zion, zertarako oso ondo jakin gabe. Argazkian dastatu daitekeen giro lasai bezain enigmatikoak barrutik harrapatzen gaitu eta barne munduan murgil gaitezen, gonbite dultzea, misteriotsua eta dotorea luzatzen digu. Egun horretan, bere lagun batek, argazkiaren magiaz oharturik, ETB-ko eguraldiaren tartera bidaltzea deliberatu zuen (EITB.com), gauean Benito Lertxundiren arreta bereganatuko zuela inondik ere susmatu gabe. Benito Lertxundi kantaria, bitartean, bere disko berriaren lehen urratsak ematen ari zen eta kantuen azken xehetasunak bukatzearekin batera, diskoa bera, hala nola horren komunikazioa ere bilduko zituen irudiaren bila zebilen. Argazkia telebistan ikusi zuenean, ez zuen zalantzarik izan. Huraxe zen bere lan berriaren mamia hoberen marrazten zuen irudia: misterio eutsia, edertasun goiztiarra, bakardade gozoa eta basatia. Mireiak, bitartean, bere proiektoan jarraituko du gogor (goikoerrotanaturguneanaturescola.blogspot), intuizioak eta patuak bere bihotzeko proiektoaren zortea bideratuko duten esperantzan.