Aurten, ikasturte amaierako bazkaria antolatu beharrean, Mozoilo egunaren bigarren ediziora joan gara Galdakaoko 20 berbalagun.
Jai herrikoi honetan herriko elkarte eta norbanako askok hartzen dute parte, eta Galdakaoko Berbalagunek ere bere aletxoa jarri nahi izan du geure kultura, ohiturak eta hizkuntza sustatzeko asmoz sortu zen egun polit honetan. Bazkaltzera joan gara, baina baita euskararen aldeko mezua zabaltzera ere.
Hona hemen gure berbalagunak “Praktikatu eta bizi” dioen pankartari eusten, bertaratutako gainontzeko galdakoztarrek gure pegatina eskuetan dutela. Egitasmoan parte hartzeko gonbitea ere utzi dugu mahaietan, mezu baten bidez. Ea besoa altxatu duen horietako baten batek pankartari heltzen dion datorren urtean!
Baina eguna ez da bazkarian amaitu, ez horixe! Terraza batean pilak kargatu ostean, EZ3 taldearen kontzertu akustikoaz gozatzen jarraitu dugu, Zarama, EH Sukarra, Urtz, Baldin Bada, Hertzainak eta beste hainbat talde mitikoren bertsio ederren erritmora. Taberna lepo eta jende guztia gure mezua paparrean eta begien aurrean.
Eta ostiraleko berbalagun gehienak ezin izan zirenez bazkarira joan, kontzertua ikusteko eta urte osoko botearekin afaltzeko geratu ziren txoko batean. Mozoilo egunean parte hartu duzuen guztioi, baina, batez ere, bazkarian, bazkalostean eta afarian egon zareten hiru ausartei bi hitz baino ez: Biba zuek!!!