Kuadrilla ederra elkartu zen atzo Galdakaoko Gurasolagunen ikasturteko lehen tailerrean. Guztira 9 familia,28 lagun, sartu ziren Asier dinamizatzailearen Berezioetxeko txokoan. Ume eta ez hain ume direnei horrenbeste gustatzen zaizkien huesitoak egin genituen, Tere eta Josuren argibideei jarraituz. Emaitza? dendan erositakoak goxo badaude, imaginatu etxean egindakoak…itzelak!
Umeak primeran moldatu ziren txokolatea barkilloetan zabaltzen, eta gurasoen laguntzari esker moztu eta bata bestearen gainean jarri zituzten. Lehenago esan bezala, Tere arduratu zen atzoko tailerra gidatzeaz, baina guraso guztiak egoten dira beti laguntzeko prest, eta horra elkarlanaren adibide bat: batzuk harrikoa egiten, beste batzuk txokolatea urtzen, mahaiak garbitzen…Eta gainontzekoak?
Besteak, txokolatea urtu bitartean, umeekin jolasten. Izan ere, ez da erraza 16 ume 30 metro karratuko lokal batean gobernatzea. Beraz, zoritxarrez, gaur egun gero eta gutxiago ikusten den egoera bat bizi izan genuen atzokoan: umeak kalean, soka saltoan jolasten. Zeinen gustura aritu ziren! Ideia bikaina, Sergio!
Eguna borobiltzeko, Euskaraldiaren harira Bagabiz Euskara Elkarteak antolatutako bertso-bingora joan ziren familia batzuk, eta han ere ederto pasatu zuten. Bitxia da, iaz ere Euskaraldiaren ekitaldian elkartu ginen lehenengoz. Ea iazkoa bezain emankorra den 2019-20 ikasturtea! Atzokoa ikusita, behintzat, seguru!!!