Menu Close

Talo ikastaro zoragarria Galdakaoko Berbalagunen eskutik

 

Egun ederra bizi izan dute gaur talo ikastarora hurbildu diren berbalagun, ikasle eta irakasleek. Saioa Uribe-Butroe eskualdean dinamizatzaile dabilen Albertok eskaini digu, eta parte hartu duten 50 lagunak oso aho zapore goxoarekin joan dira etxera; izan ere, nori ez zaio gustatzen taloa jatea?

Partaide guztiek bete dute sabela, baina aurretik, Albertoren azalpenak adi-adi entzun behar izan dituzte hain preziatua den jaki hau ondo egiteko gakoen berri izateko. Lehenik eta behin, orea nola egiten den azaldu digu: ura epeldu eta arto-irinarekin nahasi dugu. Ondoren, irin arrunta zabaldu dugu mahaian, taloa jotzean itsatsita gera ez zedin. Hori ez gertatzeko beste aholku bat da hasieran kolpe gutxi eta berehala buelta ematea taloa.

 

Orea nola egiten den ikusi eta praktikan jarri duten zenbait partaidek, baina erabili dugun gehiena aldez aurretik eginda ekarri dugu, Patakon elkarteak oparitu egin digulako. Horrek, egia esan, asko erraztu du prozesua, jende asko egon delako goizeko zein arratsaldeko saioan. Dena den, nahikoa lan izan dugu taloari forma egokia ematen eta sutan jartzen; beraz, primeran etorri zaigu beti laguntzeko prest dagoen herriko elkarte honen dohaintza. Eskerrik asko, berriz ere!

Batzuek ale bakarra egin dute, baina bada etxera bazkalduta joan denik ere; hortaz, goxo-goxo atera zaizkigun seinale izango da hori. Gehienek txorizoa aukeratu dute; gutxi batzuek txokolatea nahiago izan dute; eta baten batek biak probatu ditu. Biak ala biak errepikatzeko modukoak izan dira!

Gaoizeko saiora berbalagun gutxi batzuk agertu dira, baina arratsaldekora lau berbataldetako kideak azaldu zaizkigu. Askok ez zuten elkar ezagutzen, eta, beti esaten dugun bezala, horixe da horrelako ikastaroen helburu nagusia: euskara praktikatzeko jende eta aukera berriak sortzea. Hain zuzen ere, saioan bertan egin ditu dinamizatzaileak udako Berbalagunen izena eman duten zenbait kideren arteko aurkezpenak, eta hori ere oso polita izan da.

Saioa amaitu baino lehen, ondo merezitako oparia eman diogu gaurko protagonista nagusiari. Kutxa horretan dagoena ez dakigu gaurko taloak bezain goxo egongo den, baina itxura, behintzat, ezin hobea zuen. Eskerrik asko guztiagatik eta on dagizula, Alberto!