Aurten Euskaraldiaren barruan kokatu dugu maiatzeko Mintzodromoa, maiatzaren 20an hain zuzen ere. Eta aurten ere bi saio egin genituen: goizez 10:30etatik 12:00ak arte eta arratsaldean 18:30etatik 20:00ak arte. Beti bezala, harrera ederra izan genuen, eta orotara, bi saioak kontuan hartuta, 130 bat lagun elkartu ginen euskararen aldeko ekimen honetan. Berezitasun bi izan genituen, ordea: batetik, goizeko saiora bi ikastetxetako ikasleak etorri ziren, 16 urte inguruko 35 bat gazte, eta gaiak haientzat egokitu genituen pixka bat. Bestetik, arrastiko saioa baino lehen, Euskaraldiko egitarauaren aterkipean, “Euskaldungak” antzerkia ikusteko aukera izan genuen, 50 minutu inguruko antzezlan xume baina barregarria.
Aurtengo hiru gaiak honakoak izan dira: “Uniformeak ikastetxean”, “Gero eta fobia gehiago gizartean” eta “Gazteak jomugan”. Bada, guztiz asmatu genuen, izan ere, gustura baino gusturago aritu ziren partaideak, eta batek baino gehiagok onartu zigun labur egin zitzaiela gai bakoitzari buruz aritzeko 20 minutuko tartea. Seinale ezin hobea! Gainera, lehen esan bezala, lehenego eta hirugarren gaiak gazteei begirakoak izan ziren, eta horrekin ere asmatu genuela iruditzen zaigu.
Aipatzekoa da, AEK eta Udal Euskaltegiko ikasleez gain (Hizkuntza eskolak klaseak bukatuta ditu garai honetarako, beraz, ez zuten ikaslerik hurbiltzerik izan), hainbat Berbalagun eta herritarrek ere parte hartu zutela bi saioetan, baita Basauriko Udaleko ordezkari politikoek ere (alkateak, Euskara zinegotziak, alderdietako ordezkariek…).
Bukatzeko, hementxe duzue eguna laburbiltzen duen bideoa, zuon gustukoa izango delakoan…
Besterik gabe, eskerrak eman nahi dizkiogu hurbildu ziren lagun guztiei, eta nola ez, datorren urtean indartsuago itzuliko gara!
EUSKARA ZU ZARA!