Martxoaren 25ean, asteartean, gauzatu genuen hitzaldi interesgarri hau. Izan ere, guztiok ordaintzen dugu argindarraren faktura, eta nola ez, guztioi datorkigu ondo faktura ulertzeko eta merkatzeko trikimailuak jasotzea. Bada, hori izan zen tailer honen helburua, baita energia modu jasangarrian sortzearen garrantziaz kontzientziatzea ere.Guztira 20 bat lagun elkartu ginen, eta bertaratutakoak pozik eta batzuk apunteak hartuta joan ziren etxera.
Leire izan zen Goiener kooperatibaren izenean etorritako tailer-gidaria. Goiener Gipuzkoako Goierrin sortutako kooperatiba da, eta sortzen duen energiaren %100a energia berriztagarrien bidez egiten du. Beraz, euren helburua energia berdearen aldeko apustua egitea da, baita argindarraren merkatu “hiper-lehiakorrean” gizatasun pixka bat adieraztea ere. Horregatik, euren jokaera Iberdrola, Endesa…eta antzeko oligopolioen oso bestelakoa da. Eta azken finean, hori izan zen hitzaldiaren helburua: argindarraren faktura korapilatsua ulertzen laguntzea (oso nahasgarria baita gehienontzat) eta trikimailu txikien bidez norberak fakturan aurrezteko pauso jokabideak ezagutaraztea.
Orotara ordubete pasatako saioa izan zen, azalpen teorikoaren ostean galdera sorta egin baikenion Leireri, eta berak atsegin handiz erantzun zizkigun. Denon artean argindarraren merkatua hobeto ulertzen saiatu ginen, eta benetan deritzot biziki interesgarria izan zela, edonork egin beharreko saioa, funtsezko beharrizana den elektrizitatearen mundua eta “modus-operandia” hobeto ulertzeko ezinbestekoa. Mila esker Goienerri, Leireri eta Nai Lua teteriako Sorayari bere espazioa uzteagatik!
EUSKARA ZU ZARA!