Menu Close

ZALAMA MENDIRA IRTEERA

Azaroaren 25ean genuen hitzordua ikasturteko bigarren mendi irteera egiteko; oraingoan zapatua aukeratu genuen, askok domeka horretan planak zituztelako, eta azkenean, 9 laguneko taldea elkartu ginen. Basauriko udaletxe pareko markesinan bildu ginen, eta bi kotxetan abiatu ginen Los Tornos mendatera, Burgoseko probintziara, hain zuzen ere. Bidaia 50 minutu ingurukoa izan zen, baina asmatu genuela esan dezakegu, izan ere, Basauri inguruetan euria ari zuen, baina Burgoseko eskualde horretan ateri zegoen eguna; eskerrak!

Goiko argazkian ikus daitekeen moduan, lehen metroetan behe-lainoa izan genuen bidaide, baina eguzkiak berotu ahala, lanbroa desagertu eta egun ikaragarria izan genuen lagun: eguzkia, tenperatura itzela mendira igotzeko, ateri..

.

Eguna argitzearekin batera, gure atzean genituen ikuspegi ederrez gozatu ahal izan genuen: Lunada inguruko mendiak, Kantabriako Soba harana, itsasoa urrunean…eta hara ustekabea, bisitari batzuk ere izan genituen gure zain…edo gu ginen bisitariak? Kar, kar, kar

Egia da bidea ez zela luzea, ezta teknikoa ere, baina argazkietan argi ikusi daiteke nahiko malkartsua zela, hortaz, patxadatsu igo ginen, berbetan, paisaiaz gozatuz, eta lantzean behin geldialditxoak egin genituen, indarrak berritu eta datu esanguratsu batzuk ezagutzeko. Esaterako, hurrengo argazkian ikusiko duzuen mugarria berezia da oso, izan ere, Bizkaia, Kantabria eta Burgoseko mugek bat egiten dute bertan, eta mugarriaren aurpegi bakoitzean probintzia horien armarriak agertzen dira

.

Puntu horretatik gora Zalama mendiaren azken aldapa besterik ez zitzaigun geratzen, eta goiko argazkia egin eta hamaiketakoa jan ondoren, jaitsierari ekin genion. Guztira 2 ordu eta erdi inguruko ibilbide erraz bezain polita egin genuen. Eta noski, egunari bukaera emateko, ohitura de bezala, beheko herrian (Bercedan) tragoa hartu genuen egarria asetzeko, kar, kar, kar.

Azkenik,  15:00etarako poz-pozik eta asebeteta itzuli ginen Basaurira, goiza bikain aprobetxatu eta gero. Hurrengo hilean, abenduan, irteerarik ez egitea erabaki dugu, zubia dela eta, Gabonak direla eta, enpresa afariak direla eta…hortaz, urtarrilean itzuliko gara mendira denok batera! Nora? Adi gure blog eta sare sozialei bertan iragarriko baitugu eguna eta igoko dugun mendia! Gurekin animatuko hurrengoan?

PRAKTIKATU EUSKARA GUREKIN, ERRAZA DA!