Arratsalde zoragarria pasatu dugu gaur bildu garen berbalagun eta ikasle guztiok Ganguren tabernan. Urtero bezala, pikatzeko tortilla, kroketak, gazte eta urdaiazpiko goxoa jarri digute, elkar ezagutzeko jolasak burutu bitartean energia hartzeko, eta plater guztiak garbi baino garbiago utzi dituzte bildutako 50 lagunek.
Aretora sartu bezain laster, 10 laukote ezagunen argazkiak banatu ditugu taldeak egiteko. Denetarik egon da Gangureneko rokodromoan: Goenkaleko pertsonaiak, A taldekoak, Dragoi Bolakoak, Harriketarrak…Fitxaren atzeko aldeak esaera zahar baten zatiak izan dituzte, eta behin ordenatuta, horman jarri dizkiegun gaztelaniazko esaeren baliokideekin parekatu behar izan dituzte.
Motorrak berotuta eta lehen puntuak banatuta, bigarren jokoari ekin diogu, pintxo eta edatekoari begirik kendu gabe. Ezkutatutako esaldi bat askatu behar izan dute bigarren erronkan. Mihiluzeko Irulegiko Eskua proban oinarrituta, letrak ostontzen zituzten ikurrak eliminatzen joan dira egindako galderei gehien hurbildutako taldeak. Barre ederrak bota ditugu, eta, bide batez, gure kulturaz busti gara; izan ere, ezetz asmatu horrelako galderen erantzun zehatza: zenbat metro ditu Ganguren mendiak? Zenbat gol sartu zituen Zarrak ligan? Duela zenbat urte sortu zen Su Ta Gar taldea? edota Zenbat urte ditu Itziar Ituño aktoreak?
Azken proban beste urte batzuetan oso ondo funtzionatu duen bertso sortari galdera batzuk gehitu dizkiogu. Gozatu ederra hartu dugu Maialen Lujanbiok eta Aitor Sarriegik 2017ko txapelketa nagusian Irunen botatako bertsoekin. Zer egingo zenukete zuek auzokideak egunero atea jo eta zerbait eskatuko balizue?
Elkarrekin emandako ordu eta erdia hegan joan zaigu, eta prestatutako proba bat beste baterako utzi behar izan dugulako. Puntu gehien bildutako talde biei aterki eta poltsak eman dizkiegu opari, baina gaur denok irabazi dugu: momentu dibertigarri asko eta euskaraz aritzeko lagun berriak.