Menu Close

ZORU PELBIKOA LANTZEKO IKASTAROA SAN MIGELEN

Aste Santutik bueltan, apirilaren 18an hain zuzen ere, Zoru pelbikoa lantzeko tailerra gauzatu genuen San Migeleko Taberna Nagusian, eta 16 bat lagun elkartu ginen ikastaro interesgarri honetaz gozatzeko. Emailea, Iraide, fisioterapeuta da, eta horrez gain, zoru pelbikoan, sexologian eta osteopatian ere aditua da. Beraz, ikastaroari hasiera emateko, zati teorikoari ekin zion: zer den zoru pelbikoa, zein giharrek osatzen duten, zein funtzio duen, gizon eta emakumeen arteko desberdintasun biologikoa…. Zati hori guztiz funtsezkoa izan zen, izan ere, lehendabizi gure gorputzaren kontzientzia edukitzea ezinbestekoa da ondoren atal zehatz batzuk landu eta garatu ahal izateko. Gainera, zonalde horren lanketak gure ongizatean dituen ondorio positiboak azpimarratu zituen: estresa gutxitu, antsietatearen aurka baliagarri, gorputzeko tentsioa kanporatzeko lagungarria, sexuan ere onurak dakartza…

30 minutuko azalpen teorikoa eta gero (irudiz lagunduta, portatila eraman baitzuen Iraidek), atal praktikoari ekin genion, lehen esan bezala, batik bat zoru pelbikoaren kontzientzia edukitzeko eta oinarrizko ariketak egiteko. Ariketak sinpleak izan ziren, edonork etxean egiteko modukoak: lehenik,  toalla bat kiribildu eta ipurmasailen artean kokatu genuen eserita geunden bitartean, eta gorputza alde batera eta bestera mugitzen aritu ginen zoru pelbikoaren beheko zatia erlaxatzeko asmoz (sexu-organoen gaineko zonaldea, zehazki). Ondoren, tenis pilota batzuekin ipurmasailei banan-banan “auto masajea” eman genien, esertzeko jarrera hobetzeko. Jarraian, ondo eseri eta bizkarraldeko eta abdominal inguruetako muskuluak lantzeko beste ariketa bat egin genuen… eta konturatzerako denbora joan zitzaigun. Kuriosoa da, baina gehienok sentsazio berbera izan genuen, hau da, ordura arte ez ginen zoru pelbikoa osatzen duten muskuluen kontziente izan, eta ariketak burutu ostean, aldaketatxo bat nabaritu genuen, eta existitzen zirela ez genekien giharrak ere aktibatu genituen! Pentsa, batzuok etxean egunero segitzen dugu ariketa horiek egiten!

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiogu Iraideri hain ikastaro erakargarria eta eramangarria gauzatzeagatik. Horrez gain, San Migeleko Taberna Nagusia ere zoriondu nahi dugu espazio dotore hori lagatzeagatik, eta nola ez, aipamen berezia tailerrean parte hartu zenuten guztioi! Guztioi esker San Migelen  euskaraz tailer arrakastatsua gauzatu dugu!! Eta lanean jarraituko dugu Basauri eta inguruak euskalduntzen, euskaraz eta euskaratik blaitzen!! Mila esker!

PRAKTIKATU ETA BIZI!