Kaixo berbalagunok!
Otsaileko mendi irteera daukagu asteburu honetan. Oraingoan, Gernikatik hasi eta Zugaztietan amaituko dugu, Eperlanda, Ajurias, auzoak ezagutuz, guztira 14 km ko ibilbide ezin politagoa.
Hilabete guztietako txangoan egiten dugun modura, hemen doa asteburu honetako eguraldi iragarpen zehatza. Elurra eta hotza izango da hizpide. Gernika bera zuritzea espero dugu larunbatez. Negu gorriko egoera baten atarian gaude, negu honetan lehengoa. Negu oso bustia izan dugu, tenperaturak ez dira izan hotzegiak, izotz konturik apenas izan dugu eta elur matazarik ez dugu usaindu ere. Otsail txikiak badirudi, azkenean ere elur kontuak ekartzeko prest dagoela.
Ostiralez, tenperaturen beherakada nabarmena sentituko dugu, eguneko momenturik epelenak goizean goiz izan dira, baina orduak aurrera egin ahala tenperaturek beherantz egingo dute. Goizeko 7:30ean 8 gradu izan ditugu eta orain 11ak direnean 5 gradutara jaitsi da jada. Oiz mendian zeropean daude eta antzigarra eta izotz beltza izango da bertan nagusi.
Antzigarra, lainoen hezedurak eta zeropeko tenperaturak sortutako fenomenoa da, zuhaitz adarretan izotz zuria sortzen du.
Prezipitaziorik ez dugu izango apenas, eta ipar ekialdeko haize bihurria hezurretaraino sartuko zaigu.
Larunbatean, goizean goiz 0 gradu inguruko tenperaturetan esnatuko gara. Zerua lainotuta egongo da, goietan izotz beltza izango dugu, zeropean izango baita tenperatura. Baliteke elur hauts apur bat botatzea baina gauza handirik ez. Orduak aurrera egin ahala prezipitazioa zabaltzen eta areagotzen joan da. Elurra ikusiko dugu edozein mailatan baita itsas ertzean ere, arratsalde gau partean, Gernika zuritu daiteke. Eguneko altuena 2 gradutan geratuko da, orduan txano eta guanteak behar beharrezkoak izango dira. Egun oso hotza negu gorriko egoera larunbatekoa
Igandean, prezipitazioa ugariagoa izango da, baina elur kota zertxobait altuago izan daiteke, orduan hemen behetan elur bustia eta txingorra nahastean izango da. Goietan, Nabarniz, Mendata eta halakoetan elurra dezente izango da egun osoan. Ez harritu trumoiak ere jotzen badu eguneko uneren baten, desegonkortu egingo baita atmosfera. 5.500 metrotako altueran -33 gradu izango baitira. Oso aire hotza da gure ingururako.
Badirudi negu gorriko egoera honek, asteartera arte eutsiko diola. Orain arte ikusi ez dugun elurra oraingoan ikusiko dugu eta otsail maltzurrak bere ospeari kasu eginez, berana ekartzekotan da aurton ere. Goza dezagun elurrarekin, gure inguruan ez da ohikoena eta.