Menu Close

Zallako Mintzodromoaren kronika

Pasa den ostegunean Enkarterriko Berbalagunek antolatutako Mintzodromoa burutu genuen, Zallako Mimetiz eskolako patioan. Topaketa atsegina izan zen eta giro erosoa sortu genuen: 30 pertsona inguru bertaratu ziren eta parte hartu zuten.
Mintzodromo horretan, mundu mailan eta Euskal Herrian gaurkotasun handia duten hiru gai eztabaidatu genituen: hasteko, lehenengo gaian (“Betigazte, zahartzeko beldurra”), zahartzarori buruzko hausnarketa mahai-gaineratu genuen; jarraitzeko, bigarren gaian (“Banku sukurtsalik gabeko herriak”), banketxeko bulegoen eta eskudiruaren desagerpenaz mintzatu ginen, aldaketa hauek sor litzaketen ondorioak aztertuz (arrakala digitala, kontrol soziala…); azkenik, hirugarren gaian (“Gezurrak buztana ez hain labur”), informazio gizarteak hedatu dituen gezurrei eta buloei dagokionez eztabaidatu genuen, fake-news, adimen artifiziala eta interneten eragina aztertuz.
Eztabaidaz eta analisiz betetako egun aberatsa izan zen, duda barik. Hala ere, are garrantzitsuagoa, euskaraz hitz egiteko espazio seguru eta askea izan zen, baita modu eroso eta dibertigarrian elkarrengandik ikasteko ere.