Menu Close

Adi Gurasolagun! Etxealdia gozatzeko tantak

Hurrengora arte, familiak!
Heldu gara bukaerara! Enkarterriko Tribial Txikia amaitu da. Oso ondo pasa dugu gure lur maitea ezagutzen, eta familian elkarrekin erantzunak asmatzen. Baina gauza guztiek bukaera bat dute, baita gure erroka txikiak ere. 
Eskerrik asko parte hartu duzuen familia guztiei
Azken asteko irabazlea Sonia eta Idoia izan dira. Zorionak!
Jakin nahi dituzue galderen erantzun zuzenak? Honako hauek dira:
1. Noiz ospatzen da Ogi Eguna Galdamesen? Abenduaren 24an.
2. Zein herritan dago Alen mendia? Sopuertan.
3. Nola deitzen da Karrantzako euskal dantza taldea? Mendi-Harana Dantza Taldea
4. Nondik igarotzen da Herrerias ibaia? Gordexolatik
5. Zein herritan dago argazkiko dorretxea? Güeñeseko La Quadra auzoan

9.TANTA: Enkarterriko tribial txikia 4

Bai galdera errazak aurreko astekoak! Parte hartzaile guztiok zuzen erantzun ditugu, baina irabazleak Mirari eta bere ama, Izaskun, izan dira berriz! Zelako zortea! Gurasolagun familia aparta zaretelako izango da. Zorionak Mirari eta Izaskun!

Ea oraingoan besteok irabazten dugun! Aste honetako galderak hauexek dira: 

1. Noiz ospatzen da Ogi Eguna Galdamesen?
2. Zein herritan dago Alen mendia?
3. Nola deitzen da Karrantzako euskal dantza taldea?
4. Nondik igarotzen da Herrerias ibaia?
5. Zein herritan dago argazkiko dorretxea?

Eta aurreko asteko galderen erantzunak hauek:

1. Nola deitzen da Güeñes herriko euskal dantza taldea? Andra Mari Dantza Taldea
2. Zein da Artzentaleseko eskolaren izena? Angel Larena Eskola
3. Zein da Galdamesko mendi tontorrik altuena? Ganeran mendia
4. Nola deitzen da Turtziozetik igarotzen den ibaia? Agüera ibaia
5. Zein da argazkiko animalia-arrazaren izena? Karrantzako ardi muturbeltza

8. TANTA: Enkarterriko tribial txikia 3

Hona hemen aste honetako galderak. Animatu eta jolastu euskaraz familian.
Aurreko asteko irabazlea Iztueta-Villar familia izan da.

Zorionak Maider, Lea, Oiane eta Andoni!

Besteok jakin nahi dituzue galderen erantzunak? Adi, adi!

1. Zeintzuk dira Sopuerta Sport taldeko koloreak? Berdea eta beltza.
2. Zeintzuk dira Balmasedako bi eskolen izenak? Mendia eskola eta Zubi Zaharra ikastola
3. Zein herritan dago Karpin Abentura parkea? Karrantzan.
4. Nola deitzen da Zalla eta La Herreraren arteko aisialdi-gunea? Bolunburu
5. Zein herriko jaiak ospatzen dira argazkian? Lanestosa

 

7. TANTA: Enkarterriko tribial txikia 2

Gustatu zaizue erronka? Erraza, ezta? Horrela familia osoak parte hartu du: gurasoak eta seme-alabak; baita aiton-amona euskaldunak ere. Baina gogoratu: Enkarterriko Gurasolagunak gure herrietako familia euskaldunak direla, etxean familian euskaraz aritzeko aukerak bilatzen dituzten familiak. Beraz, den-denok oso ondo egin dugun arren, familia bakar bati tokatu zaio irabazlea izatea:
Zorionak Mirari eta Izaskun! 
Hona hemen aste honetako galderak:
1. Zeintzuk dira Sopuerta Sport taldeko koloreak?
2. Zeintzuk dira Balmasedako bi eskolen izenak?
3. Zein herritan dago Karpin Abentura parkea?
4. Nola deitzen da Zalla eta La Herreraren arteko aisialdi-gunea?
5. Zein herriko jaiak ospatzen dira argazkian?
Baina, baina, zeintzuk ziren aurreko asteko galderen erantzunak? Jakin nahi dituzue? Hauek dira erantzunak:
1. Zein da Gordexolako eskolaren izena? Eduardo Eskartzaga HLHI
2. Nola deitzen da Zallatik igarotzen den ibaia? Kadagua
3. Zein herritan dago Loizaga dorrea? Galdamesen
4. Noiz ospatzen dira Sodupeko jairik ospetsuenak? Abuztuaren 10aren inguruan
5. Zein da argazkiko animalia-arrazaren izena? Enkarterriko billanoa

Zorte on hurrengoan familia!



6. TANTA: Hitzez hitz jolasean

Orain kalera gehiago atera gaitezkeen arren, askotan etxeko orduak astun egiten zaizkigu, eta ez dakigu zer egin. Beraz, guk Urtxintxa elkarteko lagunengandik ikasi dugun jolasa proposatzen dizuegu. Oso erraza da! Etxeko guztiak elkarrekin jolas gaitezke eta euskaraz mintzatu. Zelako pagotxa!
Hitzez hitz jolasera jolasteko hitz zerrenda bat behar duzue. Ondoren, bideoan ikusi daitekeen bezala, minutu bat duzue hitz zerrendatik ahalik eta hitz gehien asmatzeko. Batek hitz-gakoak edo pistak ematen ditu eta besteak hitza asmatu behar du. Hitzak banan-banan esan behar dituzue.


Bideoan duzue adibide bat:

Etxean jolasteko beste proposamen batzuk aurkituko dituzue Urtxintxaren webgunean.

5. TANTA: Enkarterriko tribial txikia 1

Badakizue gure eskualdea nolakoa den? Ezagutzen dituzue gure txoko eta bazter guztiak? Ea egia den! Onartu gure erronka eta jolastu gurekin. Astero bost galdera zabalduko ditugu gure sareetan eta zuek, familia, erantzun baino ez duzue egin behar. Bidali whatsap mezu bat gure telefono zenbakira: 671 07 00 44 eta sari aparta lortu.


Tribial txikia 1
Hona hemen lehenengo galderak:

1. Zein da Gordexolako eskolaren izena?
2. Nola deitzen da Zallatik igarotzen den ibaia?
3. Zein herritan dago Loizaga dorrea?
4. Noiz ospatzen dira Sodupeko jairik ospetsuenak?
5. Zein da argazkiko animalia-arrazaren izena?

 Jolastu euskaraz eta familian!

4. TANTA: Sukaldean familian

Gaurkoan egun euritsuetarako proposamena dakarkizuegu: sukaldean familian aritzea. Sarean hainbat webgune aurki dezakezue errezeta erraz eta osasuntsuekin. Horietako bat guraso.eus da. Handik lortu dugu marrubi eta marmelada tiramisu honen errezeta zoragarria. Etxeko txikiekin egiteko oso aproposa.

Errezeta ikusteko klikatu hemen
Horretaz gain, guraso.eus webgunean gurasotasunari buruzko informazio asko topatuko duzue: aisialdian haurrekin egiteko proposamenak, heziketa edo osasun gomendioak; baita gurasooi kezkatzen gaituzten gaien inguruko albiste eta gogoetak ere.

3. TANTA: Kalean jolasean familian

Kalera irteten hasi gara, baina egoera berezia da oraindik. Beraz, askotan kalean jolasean aritzeko ideiak falta zaizkigu. Horretarako Naiz.eus hedabideko lagunek Umeak kalean: jolasak eta aholkuak tartea eskaini digute. Bertako bideoetan hainbat jolas eta aholku ematen dituzte gurasook eta haurrak elkarrekin jolasteko, euskaraz eta familian.
 Bideoak ikusteko klikatu hemen

2. TANTA: Zientzia familian

Gaurkoan kimika esperimentu bat egiten ikasiko dugu. Etxean erraz-erraz egiteko esperimentu bikaina dakarkigute Giltzarri taldeko lagunek. Aniak fluido ez-newtonianoa zer den azalduko digu eta etxean ditugun osagaiekin egingo dugu bat.
 
Bideoa ikusteko klikatu hemen

1. TANTA: Ipuina familian

Gure lehen proposamena euskal ipuin klasikoa da: Martin txiki eta jentilak.

Erein argitaletxeak aspaldi argitaratutako liburua oinarri, amaieran ageri den lantaldeak ekoiztutako bideoa duzue hori. Etxeko txikienekin euskal mitologia ezagutzeko aukera aparta, baita goxo-goxo oheratzeko ere. Goza ezazue, familia!

Enkarterriko Berbalagun egitasmotik etxealdia arintzeko hainbat proposamen eskaini nahi dizkizuegu. Tantaka-tantaka familian euskaraz gozatzeko baliabideak luzatuko dizkizuegu.

 Hurrengora arte, Gurasolagun!