Hura ustekabea izan genuena urrian! Hilketa bat zela medio, hara non agertu zitzaizkigun CSI Zaratamokoak, ai ene! zenbat galdera eta zenbat froga, hiltzailea aurkitu behar zutela eta ez zirela hemendik joango egi osoa aurkitu arte.
Guk ez genuen ezer ulertzen, hilketa bat Enkarterrin, eta gu enteratu ez!!
Han eman genuen arratsaldea, zintzo-zintzo aulkitik mugitu gabe, haiek susmagarri guztiei galdeketa egiten zieten bitartean; Non egon zinen atzo gauean? Norekin? Lekukorik al duzu? Zoratzekoa zen!!
Gauzak ez zeuden batere argi, are gutxiago biktima pertsona bat ez zela izan azaldu zigutenean. Nor edo zer ote zen? Eskerrak CSIkoak oso profesionalak zirela eta dena argitu ziguten. Biktima hizkuntza bat zen, euskara bera. Denon artean hiltzen ari ginen gure hizkuntza.
Horregatik hartu genuen erabaki bat, guk ez genuen hilketa horren errudunak izan nahi, ez genuen gure hizkuntza hiltzen utziko, handik aurrera euskaraz bizitzeko konpromisoa hartu genuen, beraz mingaina askatzeko unea heldu zen!!