Isa Aguilera Moyak bi urteko eskarmentua dauka Berbalagun egitasmoan eta, halere, hirugarrenari ekiteko zalantzarik ez du izan. Berrizen jendeak euskaraz berba egiten zuela konturatuta, orain dela bi urte euskaltegian eman zuen izena lehenengoz santurtziar honek. Ondoren Berbalagunen apuntatu zen. Harrezkero, 1. eta 2. mailako euskara-tituluak lortu ditu eta egun 3. mailan dihardu.
30 urteko gazte honek ingeniaritza ikasketak egin zituen Bilbon. Titulua lortuta ez ezik, gizonaz maiteminduta ere utzi zuen Isak unibertsitatea, ikasketok amaitutakoan. Gerora, Zaldibarren lana topatu zuenez, Iker bere senarrarekin etorri zen honantza. Bost urte daroaz Isak Berrizen eta dagoeneko berriztartuta dago.
Musika, zinema, txakurrarekin paseatzea eta bidaiatzea ditu gustuko Isak. Batez ere, bidaiatzea: beste kultura eta leku batzuk ezagutzea… Oporretako unerik atseginena horrela deskribatzen digu Isak: “Leku lasai eta galdu baten, autokarabana ondoan etzanda, senarra alboan dagoela, liburu on bat irakurtzen”.