Atzo udaberriko sendabelarrak ezagutzera joan ginen Gaizka Sanchezekin, mila esker Gaizka!
Taraskan geratu ginen 17:00etan, eta taldetxoa batuta Kurtziora abiatu ginen. Kurtzio auzoan bertan lehenengo sendabelarrak aztertu genituen: horma belarra, asunak… Adi-adi entzun genituen Gaizkaren azalpenak, zelan jaso landareak, zelan egosi, noiz hartu, zelako mugak errespetatu behar diren, eta gorputzeko zein ataletan eragiten duen sendabelar bakoitzak.

Gaizkak berak ekarri zituen paperezko poltsatxoak, eta ondo beteta eraman genituen etxera, hurrengo batean gure kabuz jasotzeko. Agendetan apuntatu genituen zehaztapenak, ez ahazteko, eta bidetik aurrera egin genuen berbetan. Oso arratsalde interesgarria eta aberasgarria pasatu genuen euskaraz, eta seguru hurrengo hitzorduren batean jarraituko dugula sendabelarren munduan sakontzen, elkartrukean eta euskaraz.
