Atzo ibili ginen inguruetatik oinez, eta egun ederra aprobetxatu genuen ibili bitartean euskaraz hitz egiteko. Taraskan geratu ginen 9:30ean, eta oraingo honetan Eleizalde ikastolako familiak ere etorri dira gurekin, eskerrik asko Alaitz zubi lana egiteagatik! Taraskatik erriberara egin genuen, eta Almikera heldu bitartean ume guztiak oso langile aritu ziren bide bazterretan aurkitutako zabor guztia batzen.

Almikeko edukiontzietan bota zuten dena ondo sailkatuta, baina zoritxarrez Almiketik gora ere hainbat sastar topatu zituen, Mañuko edukiontzietan botatzeko. Zein lan ona egin zuten! Haiei esker, bidea garbi utzi genuen.

Mañuko bidera heldu ginenean errepidea zeharkatu behar izan genuen beste aldera, Burgoa mendirantz, eta han atzean geratu zen errepidea, basora sartzeko. Tarteka argi, tarteka ilun, taldeko lehenengo argazkia atera genuen bajatzen hasi baino lehen. Nabaritu dugu udaberrian gaudela, belarra luze eta usain gozoak egon baitziren bide osoan. Bidearen amaieran beste argazki bat atera genuen Agarre auzoan, eta beherantz jarraitu genuen bista ederraz gozatzen.
Agarren Arenerako bidea hartu genuen, eguzkitan kontu kontari, eta kiroldegian amaitu genuen ibilbidea pozarren, eskerrik asko Aitor Aberasturiri bidea prestatzeagatik, eta etorritako guztiei. Hurrengo irteera maiatzaren 30ean izango da, eta irteera honetan bisitatu ez ditugun Bermeoko auzoetatik ibiliko gara: San Migel, San Andres… baina hori aurrerago kontatuko dizuegu, gorde data!

