Atzo elkartu ginen hainbat taldetan elkartzen garen berbalagunok, oporrak baino lehen elkar agurtzeko. Hurrengo bi asteetan etenalditxoa egingo dugu eta talde guztiak elkartuko dira berriro urtarrilaren 9tik aurrera, ohiko hitzordu eta topalekuetan.
Lameran elkartu ginen eta portuko bueltatxoaren erdian euria hasi zen, beraz, Batun Batunera joan ginen zerbait hartzera. Olentzerok ekarri zigun libretatxo bat urte osoan oso ondo portatzeagatik eta arratsaldea pasatu genuen kontu kontari. Gogoratu genuen 2022 urte hasiera zaila, maskararekin, bizitza orokorrean oso murriztuta, kulturetxea eta herriko gune asko itxita…Baina urte amaiera oso bestelakoa izan da, zorionez.
Berbakide batzuk beranduago etorri ziren eta guztion argazkia atera genuen, urtero bezala, gure argazki galeria ikusteko, klikatu hemen. Guztiok elkartuta, hausnarketarako astirik ere egon zen. Kazetaritza ikasleak, Ikerrek, laguntza eskatu zigun bere lan baterako eta oso gustura aritu ginen berbalagun zer den azalduz: norberak zergatik eman duen izena, zer egiten dugun, azken urteetako bizipenak, baita Bermeoko berba batzuk ikasiz ere (arrantza mundukoak, baserri ingurukoak…).
Hari batek beste batera eramaten du eta kale neurketak emandako emaitzei buruz ere egin genuen gogoeta, azken finean euskaraz hitz egitea da guztiok batzen gaituena. Urtarrilean bueltatuko gara, ordura arte, ondo pasatu egunotan, urte berria ondo hasi eta 9tik aurrera, praktikatu euskaraz gurekin!