“ODOLEKOAK” Antxiñe Mendizabal (Kronika egilea: Alazne Tajadura)
2021eko urriaren 5ean, Barakaldoko Clara Campoamorreko Areto Nagusian bildu zen Irakurzale Kluba, Antxiñe Mendizabalen “Odolekoak” liburuari buruzko solasaldia egiteko asmoarekin. AEK-ko Iker Sagastibeltzak bideratua, irakurzale klubeko kide bakoitzak hitza hartu zuen txandaka.
Adostutako ordenari jarraituz eta liburua gustuko zuten lehenengo galderari erantzunez, kide guztiek argi ikusi zuten liburuko bi parteak ondo bereizita zeudela. Antxiñe Mendizabalen lehenengo eleberri poliedriko hau erabat narratiboa da eta pertsonaia zakar zein hurbilez beteta dago. Alde batetik, lehenengo zatia daukagu, Nafarroako eta Iruñeko Gerra Zibila eta Gerraosteko garaia 2005era arte sakonki dokumentatzen duena, hainbat pertsonaiaren bidez; eta bestetik, bigarrena, pertsonaia nagusien hausnarketa psikologikoa, ama-alaba harremanaren kate hausteak gertatu eta “ama hiltzearen bidez Teresa sendatzeko” prozesua burutzen den partea. Bi parteak harilkatzen dira era bikainean eta euskara errazean daude idatziak, handikeriarik gabe, akaso Mendizabalen euskararekiko joera “garbizalea” dela medio.
Belaunaldi desberdinetako hiru emakumeak, hots, Matilde, Teresa eta Amaia, ama-alaba kate hautsezin batek lotzen ditu. Bata bestearen barruan dagoela ematen du, errusiar “matrioshkak” bailiran. Era sinbolikoan, bakoitzak aurrekoa maila psikologikoan hil beharko du libre izateko. Horren haritik, jaiotza eta ugalketarekin erlazionatutako irudi asko erabiltzen du Mendizabalek; adibidez, Teresa bere amak egindako minaz erditzen da libre izateko. Eta ez hori bakarrik, ama biologikoek euren beharrak asetzeko behar dituzten beste emakumeak ere (izekoak, ahizpak, neskameak, amaordeak) aipatzen dira. Eskema hau liburu osoan zehar errepikatzen da.
Saioari bukaera emateko, kideentzako lanik zailena liburua hitz batez laburtzea izan zen. Klubeko kide batek, “orbaina” hitza hautatu zuen, honek deskribatzen zuelako Matildek Teresaren gain uzten duen arrasto psikologikoa. Beste kide batek, “amatasuna” eta “alabatasuna” aipatu zituen; beste batek, berriz, “lokarriak apurtzea” eta “amaren falta”. Beste kide baten iritziz, “iraganeko zorrak barkatu eta modu batean ahaztea” izango litzateke eleberria laburbilduko lukeen esaldia.