Testigantzak
“Gurasook, programa honi esker, euskaraz mintzatzen gara. Horrez gain, umeek ikusten dute euskara eskolaz kanpoko ekintza dibertigarrietan ere erabili daitekeela. Eta gure artean euskaraz hitz egiteko ohitura sortzen da”.
Aiaraldeko berbalaguna
“Euskaraz hitz egiteko ohitura daukat (lanean eta lagun batzuekin). Beraz, nire kasuan, Mintzapraktika-programak lagun berriak egiteko aukera ematen dit, baita astean behin (gutxienez) deskonektatzekoa ere. Oso gustura egoten naiz taldearekin”.
Basauriko berbalaguna
“Parte-hartzaileak ezagunak direnez, giro polita sortzen da eta errazago hitz egiten dugu; nahiz eta hanka sartu, ez zaigu inporta”.
Altsasuko mintzakidea
“Italiatik nire mailari eusteko tresna baliagarria izaten da”.
Online taldeak
“Euskara praktikatzeko aukera, lagunak egitekoa eta oso ondo pasatzekoa gure taldearekin, bazkariak prestatu eta guzti. Darabilboko ekintzak ere oso interesgarriak dira”.
Bilboko berbalaguna
“Emakumeon artean noka hitz egiteko aukera”.
Arribeko mintzakidea
“Guk ere euskaraz bizitzea ahalbidetuko dugu, haiei euskara-gaitasuna bereganatzen lagunduz”.
Igorreko berbalaguna
“Dantzalagun-taldeak dantzak ikasteko eta beste lagun euskaldun batzuekin harremanetan egoteko aukera eman dit”.
Basauriko berbalaguna
“Hika praktikatuz ikasteko aukera; eta, behin gutxienekoa ikasita, erabiltzeko ausardia, babesa, ziurtasuna edo konfiantza...”.
Markina-Xemeingo berbalaguna
"Pertsona euskaldun berriak ezagutu eta haiekin euskaraz egin; programa hau barik, gaztelaniaz egingo genuke, agian".
Galdakaoko berbalaguna
“Segurtasun handiagoa nire euskara-mailari dagokionez: erosoago sentitzen naiz, iruditzen zait nire maila nahikoa dela komunikazio ona izateko.”.
Ermuko berbalaguna
“Pozik nago, nik ekartzen dudan harri-koskorrak etekina izango duelako.
Jarrai ezazue ekintza honekin”.
Galdakaoko berbalaguna
Eskerrak eman nahi dizkizuet halako laguntza desinteresatua eskaintzeagatik. Nire ustez, oso lagungarria da, jende ezagutzeaz gain, mintzamena lantzeko, ikasteko eta lasaitasunez erabiltzeko. Mila esker, bihotzez.
Bilboko berbalaguna
Ni oso pozik egon naiz. Lehenengo aldiz hartu dut parte programa honetan; beharrik ez nuenez, lehenago ez zitzaidan bururatu ere egin, bai etxean bai lanean euskaraz egiten dudalako, baita lagun batzuekin ere. Programa osatzeko, pertsonak behar zituzten, eta nirekin harremanetan jarri ziren. Uste nuena baino aberatsagoa izan da. Jende berria ezagutzeko aukera eman dit, eta nire euskeraren erabilera hobetzea ahalbidetu. Hau da, hasieran, besteei laguntzeko asmoz eman nuen izena, baina niri neuri ere asko lagundu dit. Datorren urtean, aukera izanez gero, berriz emango dut izena, ziur. Lan ederra egiten ari zarete!
Urduñako berbalaguna
Lehenengo aldia da mintzalaguna naizela. Herrikide bat ezagutu dut, asko gozatzen dut euskara ikasten ari direnei laguntzen, eta iruditzen zait, gozatu ala ez, egin beharreko lana dela: ikasten ari denarekin denbora hartu, pazientzia izan...
Zestoako mintzalagun
Egia esan, hizkuntza ikasteko nire erabakirik onena izan da, eta, gaur egun, euskara maite dudala esan dezaket. Horrez gain, mintzapraktika-programa oso aproposa da jendea ezagutzeko. Horregatik, espero dut urte gehiagotan berbalagunekin egotea.
Santurtziko berbalaguna
Gurasolagunek Urduñako beste familia batzuekin mintzapraktika egiteko aukera eman digu, batzuekin kalean ez baitugu egiten. Nire haurra ere giro euskaldunean jolastu ahal izan da.
Urduñako berbalaguna
Auzora euskara eraman eta zabaldu egin dugu. Berbataldea baino, lagun-taldea gara, eta gure komunikazio-hizkuntza euskara da.
Bilboko berbalaguna
Mintzakiden hiketan aritzeko aukera daukat eta egunerokotasunean erabiltzeko motibazioa piztu dit.
Arribe-Atalluko mintzakide
Bi lagun berri egiteaz gain, haientzat euskara praktikatzeko lagungarria izan daitekeela pentsatzeak poztu egiten nau. Gainera, beste hiru mintzakiderekin online aukera erabili dut.
Usurbilgo mintzalagun
Hiketalagun-taldea hitanoa berreskuratzeko aukera paregabea da.
Durangaldeko berbalaguna
Euskaldun gisa euskararen erabilerarekiko jarrera aldatu eta hizkuntza-komunitatearen alde zerbait egiten dudala sentitzea. Jendea lagunduz, pertsona paregabeak ezagutzea.
Zarauzko mintzalagun
Pertsona interesgarri batzuk ezagutu ditut, dagoeneko baten bat lagun ere, eta haien euskara maila hobetzen doala ikustea pozteko motiboa da.
Santurtziko berbalagun
Hika hitz egiten hasteko aitzakiatan bailarako bizilagunekin sozializatzea, bailarako kontu zaharrak entzun, hitz berriak ikasi...
Arribeko mintzakidea
Nire bikote zein alabarentzako euskaraz egiteko eta euskaldunak ezagutzeko foroa da.
Galdakaoko berbalagun
Euskararen mundura hurbiltzeko aukera ona da, praktikatzeko, euskaraz bizitzeko eguneroko gauzak egiten dituzun artean, beste lagunak sortzeko...
Sopuertako berbalagun
Lagun berriak egiteaz gain, ikasturtea hasi zenean baino jariotasun handiagoa dudalakoan nago. Horren ondorioz, programa honek segurtasuna eman dit.
Galdakaoko berbalagun
Oso ongi pasatzen dugu: ibilbideak egiten ditugu, beste mintzakideen herriak eta historia ezagutzen ditugu, eta gure artean euskaraz hitz egiteko ohitura hartu dugu.
Aurizberriko mintzakidea
Euskararen erabilera sustatzeko modu bat, erraz eta dibertigarria, euskara familian barneratzeko jarduera ezberdinak eginez.
Laudioko berbalaguna
Euskaraz bizitzeko esparru aproposa. Gainera, lagunak egiteko aukera dago, baita aisialdiaz disfrutatzeko ere.
Santurtziko berbalaguna
Euskara praktikatzeko primerako aukera dela uste dut. Online, ez duzu denborarik galtzen eta etxetik, oso modu erosoan, mintzapraktika egin dezakezu. Anima zaitez parte hartzera!
Bilboko berbalaguna
Lagun berezi batzuekin ostiral goizean kafe bat hartzea. Oso gustura egoten gara, eta gure artean ez dago lotsarik.
Altsasuko mintzakidea
Primeran dago euskara ikasteko edo praktikatzeko. Jende berria ezagutzen duzu, eta, batez ere, gure hizkuntza mantentzen dugu. Hori guztia egiten duzun bitartean, zure gustuko ekintza bat egiten duzu, zuk aukeratzen duzulako zer egin nahi duzun: kafea hartu, buelta bat eman,etab. Eta, zure zaletasunaren arabera, talde batera edo bestera joango zara.
Zarauzko mintzalaguna
Nire kasuan, hizkuntzarekiko eta nire herrian zein hizkuntzatan bizi nahi dudanarekiko hartzen dudan konpromisoa da, nik nire aldetik egin dezakedan eskaintza. Norbait animatzeko, niretzat oso esperientzia aberasgarria dela esango nioke, eta herriko harreman-sarea handitzeko aukera ematen duela; bestela ezagutuko ez nukeen jendearekin hitz egiteko eta norbera aberastekoa.
Andoaingo mintzalaguna
Askoz gehiago ikasten da eskolatik kanpo ikasiz eta praktikatuz. Eta, gainera, lagunak egiten dituzu.
Santurtziko berbalaguna
Euskaraz hitz egin nahi baduzu, aukera ona da. Hitz egiterakoan lotsa galtzen eta norbere buruarengan konfiantza gehiago izaten laguntzen dute saioek.
Bilboko berbalaguna
Euskaraz praktikatzeko programa ederrak antolatzen dira. Hau da, ekintza interesgarriak, errazak eta oso atseginak. Eta mintzapraktika sortzeko eta indartzeko era atseginean.
Urduñako berbalaguna
Sozializatzeko modu desberdina, dibertigarria, eta euskara ikasteko primeran dago. Gainera, dohainik.
Barakaldoko berbalaguna
Niretzat, mintzapraktika da une egokiena euskaraz hitz egiteko, zeren eta nire herrian ez baitago euskaraz gozatzeko beste aukerarik. Guztiz gomendagarria da, eta nik esango nuke nahitaezkoa dela zure ahozko euskara hobetzeko edota garatzeko.
Barakaldoko berbalaguna
Izugarrizko aukera da euskara praktikatzeko eta seme-alabei lagundu eta haiekin ere euskaraz egiteko.
Basauriko berbalaguna
Nire ustez, mintzapraktika-programa oso lagungarria da euskara lasai erabiltzeko . Lagunei esango nieke erraz ikasten dugula eta denbora azkar pasatzen dela.
Bilboko berbalaguna
Programa honi esker, jende asko ezagutu dut, lagunak egin ditut, eta, horretaz gain, euskaraz mintzatzeko beldurra galdu dut.
Azkoitiko mintzalaguna
Urte batzuen ondoren, lagunak gara, nire bizitzan beharrezkoak dira. Asko disfrutatzen dut taldearekin.
Zarauzko mintzalaguna
Oso ondo dago mintzapraktika hobetzeko eta beldurra galtzeko. Taldea oso ona da, eta primeran nago denekin.
Durangoko berbalaguna
Harremanak euskaraz sustatzeko, sortzeko eta mantentzeko ezin hobea da. Astean behin elkartzen gara, eta sortzen den giroa oso ona eta aberasgarria da.
Araiako berbalaguna
Giro ona dago, euskara pixka bat erabiltzeko; bestela, ziztu bizian ahaztuko duzu. Ez dizu eskatuko denbora luzea. Batzuetan, nagikeria sentitzen duzu, baina gero gustura egoten zara.
Sestaoko berbalaguna
Niretzat, mintzapraktika hoberena da euskararen maila mantentzeko. Euskaltegira ezin naiz joan, momentuz, eta, pixkanaka-pixkanaka, hobeto hitz egitea lortzen dut, mintzapraktikarekin. Lagun bati esango nioke gutxieneko euskara-maila daukanean hoberena mintzapraktikara joatea dela,hizkuntza ez galtzeko.
Portugaleteko berbalaguna
Euskaldun berria naizenez, askotan zaila egiten zait ezagutzen dudan jendearekin erregistroa gaztelaniatik euskarara aldatzea. Berbalagun taldearekin beti euskaraz izan behar dela barneratuta daukat, beraz, astean behin euskaraz egiten dut.
Portugaleteko berbalaguna
Euskara erabiltzeaz gain, lagun zoragarriak giro ezin hobean egin ditut. Zure euskara praktikan jarri nahi izanez gero, eskaintza zabala eta jende jatorra aurkituko dituzu mintzapraktika-egitasmoan. Eman izena ahalik eta azkarren, anima zaitez, zure zain gaude.
Sestaoko berbalaguna
Programa hau oso zabala eta egokia da, eta denok parte hartzen dugu lotsarik gabe.
Bermeoko berbalaguna
Euskaraz ahoz praktikatzeko talde egoki bat aurkitzeko laguntzen digute, eta aktibitate askoren berri ematen digute. Animatzen gaituzte, eta, alde horretatik, bikain nota emango nioke.
Basauriko berbalaguna
Euskara ez da soilik azterketa bat gainditzeko, baizik eta gure aisialdian disfrutatzeko, presio barik.
Barakaldoko berbalaguna
Euskaraz gehiagotan mintzatzeaz gain, egiten ditugun topaketei esker gure ingurumena eta historia ezagutzen ari naiz. Hori dela eta, lagunak izena ematera animatuko nituzke, oso giro ona sortzen delako hainbat esparrutan euskaraz mintza gaitezen.
Orbaitzetako mintzakide
Jarduera bikaina da. Han, euskara gustatzen zaion jendea ezagut dezaket. Oso jatorrak dira. Ondo pasatzen dugu. Ez dago presiorik. Taldeko jendea zu bezalakoa da. Akatsak egiten ditugu, baina elkarri laguntzen diogu.
Portugaleteko berbalaguna
Zerbait dakienak ahozkoan trebatzeko eta antzinako berba batzuk ikasteko, herriko esaerak (liburuetan ez direnak agertzen), ohiturak eta abarrak ezagutzeko. Jende berria ezagutzeko ere ona da.
Bakioko berbalaguna
Mintzapraktika-programa: euskaraz bizitzeko aukera bat. Etorri, praktikatu, lagun berriak ezagutu, hitz gutxitan: bizi euskaraz.
Durangoko berbalaguna
Jendea ezagutzeko era egokia, euskaraz praktikatzeko primerakoa eta ekintza desberdinak egiteko aukera. Nire esperientzia kontatuko nioke parte hartzeko asmoa duenari.
Zallako berbalaguna