Mintzalagun egitasmoak kalean mingaina astintzera animatzen gaitu, baina baita beste espazio batzuetan euskara erabiltzen ausartzera ere! Gure Zestoako mintzalagun batek, lehen aldiz, ikastaroa euskaraz ematea erabaki zuen, eta ezin hobeto egin zuen. Hasteko, eraikinen barruko kutsadura zertan datzan azaldu zigun, eta substantzia kutsatzaile askoren berri izan genuen: formaldehidoa, bentzenoa, amoniakoa… Hitz berri pila bat ikasi genituen! Ondoren, substantzia horiek non dauden eta gugan zer eragin dituzten azaldu zigun Clarak, baita airea garbitzeko zer landare erabili ditzakegun ere. Izan ere, landareak apaingarriak izateaz harago, airea garbitzeko balia ditzakegu. Mintzalaguna landareen erabileran aditua izateaz gain, artista xamarra ere badugu, eta antzerkia egitera ere animatu zitzaigun! Amaitzeko, ikasitakoa praktikara eman genuen eta ariketa batzuk jarri zizkigun bertaratutakooi.