Uztail zoro honetan, edozer gauzari aurre egiteko prest gaude, haizea dela, euria dela… Horiek horrela, hilaren batean Bakean elkartu ginen Patxoren ipuinak entzuteko. Berrogeita hamar haur inguru bildu ziren “artzain” honen inguruan, eta guztiei, hau da, txikiei eta nagusiei irribarreak atera zizkion Apaxiren/Patxoren harrikadak. Txotxongilo eta panpinez lagunduta, Apaxi ipuin kontalariak aho zabalik utzi zituen bertoko txikienak bere istorioekin, eta helduek haurtzarora bueltatzeko aukera izan zuten. «Zuek liburutegitik hartzen al dituzue ipuinak? Nik mendian topatzen ditut!», hasi zuen saioa Apaxik. Barre eta algarak protagonistak izan ziren ipuin kontalariaren umoreari esker. Ume eta helduak bere saioaren protagonista bihurtu zituen nolabait, ikusleen parte hartzea eskatu zuelako.
Eskerrik asko Gorka, Patxo, Apaxi. Benetan ondo egon ginen. Jarraitu horrela ilusioa eta magia sortzen.
Gogoratu datorren astean, Sabino Arana etorbidean geratuta gaudela Klaper Power Trioren kontzertua entzuteko.
Hau guztia Berbalagunek sustatutako ekimena da, Bakion udan ere euskaraz programaren baitan.