Menu Close

Bakion: Mihiluze jolasa

Maiatzean, Berbalagun proiektuaren barruan, Gurasolagun izeneko programa jarriko da abian. Programa hau, funtsean, eskola-adinean dauden gurasoei eta haurrei zuzendutako jardueretan oinarritzen da, denek batera euskara praktikatzeko aukera izan dezaten aisialdiko ingurune ludiko batean. Helburua da gurasoek eta seme-alabek elkarrekin jolastea, elkarri eragitea, komunikatzea eta, azken batean, euskarazko ingurune batean bizitzea.

Guraso guztiak gonbidatzen ditugu etekina atera diezaiozuen, eta, beraz, ekimen honetan izena ematera animatzen zaituztegu. Egitasmo honek elkar hobeto ezagutzen eta zuen seme-alabengandik gertuago sentitzen lagunduko dizue.

Horrela, hurrengo maiatzaren 13an “Mihiluze-jolas” tailerra izango da, 17:00etan, eskolako aterpean (euria eginez gero, Kultur Etxean). Urtxintxa eskola izango dugu gurekin, ekintza dinamiko eta parte-hartzailea dinamizatzen. Partaideek hainbat erronka gainditu beharko dituzte, rol ezberdinak interpretatuz.

Tailerrak sei eta hamabi urte bitarteko haurren familientzat gomendatuta daude. Gogoratu, halaber, ekintzak familian egitekoak direla, gurasoek parte hartu behar dutela eta ezin izango dela umerik bakarrik egon.

Parte hartzeko leku kopuru mugatua dago, eta ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. Horretarako, 688 87 54 81 telefonora deitu edo whatsapp mezu bat bidali behar da honako datu hauek zehaztuz: familiako kide kopurua, izen-abizenak eta haurren adina.

Zatoz, familia, eta praktikatu euskaraz gurekin; erraza da!