Menu Close

Oporretan ere, euskara zu zara

Aiaraldeko Berbalagun sareko lagun maiteak:

Duela hemezortzi urte, hitz bakar batetik abiatu zen guztia. Hitz xume bat, baina sakona: Berbalagun. Hitz batetik harreman bat sortu zen, eta harreman hartatik, komunitate bat ernetu zen.

Orain hamar urte iritsi nintzen ni. Orduan, hirurogei lagun inguru ginen: gogotsu, lotsak uxatzen, eta euskara kalera ateratzeko prest. Urteak pasa dira, eta gaur egun ehunka gara: berrehunetik gora aktibo, eta ia bi mila pertsonak hartu duzue parte urteko ekintzetan.

Zenbakiak garrantzitsuak dira, bai; baina zenbakien atzean zuek zaudete: zuek zarete ilusioa, konpromisoa eta elkartasuna. Eta horrek egiten du Berbalagun handia.

Berbalagun ez da soilik euskara praktikatzeko espazio bat. Elkargune bat da. Kalean, mendian, tabernetan edo sarean, hitza partekatzeaz gain, barreak, begiradak eta bizipenak elkarbanatzen ditugun lekua da.

Eta gaur, bihotz-bihotzez, eskerrak eman nahi dizkizuet:

Bidelagunei, euskaldun oso zaretenoi, zuen astia eta jakintza besteekin partekatzeagatik, beti umiltasunez eta eskuzabaltasunez.

Bidelariei, etsi gabe, lau hitz ikasita euskaraz hitz egiten saiatzen zaretenoi; zuen ausardiak du benetako balioa.

Eta guztioi, euskararen bidez besteekin konektatzen jakin duzuenoi, zubiak eraiki dituzuelako.

Nire kasuan, familia erdia migrantea izan arren, inoiz ez dut bigarren herririk sentitu. Egun, zortzi herri ditudala ezin dut uka. Guztietan besoak zabalik hartu nauzue, eta urtez urte hazten ari den familia honen parte sentiarazi.

Jarrai dezagun elkarri entzuten, elkarrekin hitz egiten eta elkarrekin hazten. Euskaraz. Maite dugun moduan.

Eskerrik asko bihotz-bihotzez.

Aaron Garmendia  (Dinamizatzailea)